Gizartea -
Gertakaria
Egoera penagarrian giltzapetutako adingabe bat askatu dute Almerian
12 urteko mutikoak berak eskatu zion lagutza Poliziari leiho batetik, eta "egoera osasungaitzean eta utzita" zegoela ikusi zuten agenteek.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Poliziak 36 urteko emakume bat atxilotu du Almerian 12 urteko semea giltzapean eta "egoera penagarrian" edukitzea leporatuta.
Adingabea leiho batetik keinuak egiten ikusi zuen Poliziaren patruila batek ostiralean, eta harengana joan zen. Horrela, mutikoa gela batean ikusi zuten agenteek, giltzapetuta, "egoera osasungaitzean eta utzita, bere osasun fisikoa arriskuan".
Haurra elektrizitate kablez inguratuta zegoen, kartoi eta sendagai batzuen artean.
Hori ikusita, agenteek giltzarrapo batez itxita zegoen atea ireki eta erreskatatu egin zuten. Ondoren, amarekin jarri ziren harremanetan, telefonoz, eta bi ordura bertaratu zen etxean, baina ez zuen azalpenik eman nahi izan. Horren aurrean, atxilotuta eraman zuten.