Gizartea -

Behin-behineko balantzea

Bi gorpu aurkitu dituzte Tenerifen eroritako eraikinean

Bigarren gorpua 04:45 aldera aurkitu dute ostiral honetan, eta ordu erdi geroago ateratu dute hondakin artetik.

Eraikin bat behera etorri da Tenerifen. EFE.
Pertsona bat hil da Tenerifen etxe bat erori ostean

0:58

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreskate-taldeek bi emakumeren gorpuak aurkitu dituzte Tenerifen, Arona udalerriko Los Cristianos herrian, ostegun goizean eroritako erakinean, 112 Larrialdiak Koordinatzeko eta Segurtasuneko Zentroak jakitera eman duenez. Etxean 28 maizter zeuden, eta horietako bederatzi desagertuta daude, Aronako alkate Jose Julian Menak azaldu duenez.

Hala, gutxienez bi hildako eta zazpi zauritu daude. Zaurituetako bat larri dago.

Bigarren gorpua 04:45 aldera aurkitu dute gaur, eta ordu erdi geroago atera dute hondakin artetik.

Bost solairuko eraikinak (dendak ere bazeuden etxabean) hogei etxebizitza baino gehiago zituen, eta Valle Menendez kalean zegoen. 09:30ean erori da, oraindik ez dakite zergatik.

200 lagun baino gehiago, hondakinak kentzeko lanetan

Hondakinak kentzeko lanetan, eta biktimei beharrezko laguntza ematen, 200 lagun baino gehiago ari dira; 57 suhiltzaile, Gurutze Gorriko 52 kide, UME Larrialdietako Unitate Militarreko 50 soldadu, Guardia Zibileko erreskate-unitateko bost agente, 32 polizia nazional, Babes Zibileko 45 boluntario eta 17 psikologo.

Suhiltzaileak eta UMEko militarrak koordinatuta ari dira lan egiten makineria astunarekin, eraikinean erori den aldean lanean baina erori ez den aldeari ere begira, alkateak azaldu duenez. Horren esanetan, beharrezko neurri tekniko guztiak hartuko dituzte "apurka-apurka egitura osoa kentzeko".

Horren ildotik, Tenerifeko Kabildoko presidente Carlos Alonsok esan du erabateko lehentasuna duela erreskatea segurtasun-baldintza guztiekin egitea; izan ere, "zutik geratu den horma bat hondakin artera erortzeko arrisku handia dago".

Kezka handia piztu du horma horrek, eta eraisketak egiten aditua den enpresa bati deitu diote, erortzeko arriskuan dagoena bota dezan, Carlos Alonsok azaldu duenez. Presidenteak nabarmendu du horixe dela orain lehentasuna, eta ondoren ikertuko dutela zergatik erori zen eraikina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea