Gizartea -
ARGENTINAKO EUSKAL DIASPORA
Hator Hona: Argentinako euskal diasporarekin elkarbizitzeko aukera
Aurtengo edizioa uztailaren 15etik, abuztuaren 7ra arte izango da. Parte hartu nahi duten gazteek ostiralera (maiatzak 6) arteko epea daukate inskribatzeko.
Argentinako euskal diasporak, 2004. urtetik, elkartruke proiektu interesgarri bat dauka martxan. Urtero, Euskal Herriko hainbat gazte gonbidatzen dituzte euskal kultura eta euskara bertan irakasteko.
Aurtengoa 12. edizioa izango da eta, urte guzti hauetan, Euskal Herriko 75 gaztek baino gehiagok parte hartu dute bertan.
“Hator Hona” proiektuak euskal diaspora bizkortu nahi du. Geografikoki hain urrun baina, kulturalki hain gertu daudenen arteko zubia indartzea da helburua.
Euskal Herriko 18 eta 30 urte arteko gazteentzat zuzenduta dago eta, parte hartu nahi dutenek Argentinako Necoechea hirirako bidaia ordaindu beharko dute soilik. Bestelako gastuak, ostatu ematea eta bazkariak, Euzko Etxearen kontura izaten dira.
Aurtengo edizioa uztailaren 15etik, abuztuaren 7ra arte izango da eta inskribatzeko, ostiralera (maiatzak 6) arteko epea dago.
Euskal kulturaren, hizkuntzaren eta esperientzien transmisioa ez da alde bakarrekoa izango. Proiektuan inskribatuko diren gazteek euskal diasporaren sustraiak ezagutzeko aukera izango dute; euskal kontzientzia kolektiboak milaka kilometrotara, beste errealitate eta testuinguru batean, nola biziraun duen ulertuko dute gazteek.
“Borondatea, gogoa eta ideia onak dauden bitartean, euskal izpiritua bizirik mantentzeko baliabideak amaigabeak dira”, adierazi dute Euzko Etxeatik.