Gizartea -
Trantsitua
Merkurio 'txikiak' Eguzkiari itzal egingo dio gaur
Mendean 13 bat aldiz gertatzen den fenomeno bitxia da, Eguzkia, Merkurio eta Lurra lerrokatzen direnean. Eguraldiak horretarako parada ematen badu, 13:12tik 20:42ra ikusi ahal izango da.
E. Lotina | eitb.eus
Gaur Merkurioren trantsitua gertatuko da. Mendean 13 bat aldiz gertatzen den fenomeno bitxia da, Eguzkia, Merkurio eta Lurra lerrokatzen direnean.
Trantsitua osorik ikusteko aukera izango dute Europako mendebaldean, oso baldintza onetan, eguraldiak horretarako parada ematen badu behintzat. 13:12tik 20:42ra ikusi ahal izango da.
Merkurio disko beltz oso txiki bat bezala ikusiko da Eguzkiaren diskoaren aurretik astiro mugitzen, trantsituan (ibilbidearen diagrama).
Begien babesa
Fenomenoa nork bere kasa ikusi nahi duenak Eguzkia behatzeko teleskopio berezi bat beharko du; izan ere, begiak babestu behar ditu, bestela kaltea berehalakoa eta konponezina izango da. Ondorioz, kontu handia izan behar da, eta Eguzkia nola behatu adituei galdetzea komeni da.
EHUk bi ekimen antolatu ditu Bilbon, Ingeniaritza Eskolaren EspaZio Gelan, Euskal Herriko Unibertsitateak agiri batean jakitera eman duenez. Fenomeno hau streaming bidez zuzenean eskainiko dute, batetik, eta behaketa kolektibo bat antolatu dute, bestetik, baina ikasleek bakarrik parte hartu ahal izango dute.
Donostian, Merkurioren trantsitua Alderdi Ederretik jarraituko dute.
Era berean, Nafarroako Astronomia Elkarteak (NAE) jarduerak prestatu ditu, baina ekitaldi nagusia trantsituaren behaketa izango da, noski. Fase guztietan jarraitu ahal izango dute herritarrek. Guztira, zazpi ordu eta erdi inguruko iraupena izango du trantsituak.
NAEk zortzi behaketa publiko antolatu ditu Iruñean (Nafarroako Unibertsitatean, Gazteluko plazan, ospitale inguruan, Mendillorrin, Arrotxapean, Felix Huarte plazan eta Donibaneko ibarbidean) eta Zizurren.