Gizartea -
Istripua
Hil egin da Gasteizen tranbiak harrapatutako txirrindularia
Joan den astean Gasteizen tranbiak harrapatutako txirrindularia hil egin da, Radio Euskadik jakinarazi duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Radio Euskadik jakinarazi duenez, maiatzaren 3an Gasteizen tranbiak harrapatu zuen txirrindularia hil egin da.
Istripua Gasteiz etorbidearen eta Tomas Zumarraga kalearen arteko bidegurutzean gertatu zen, 19:10ean. Tranbiak 36 urteko gizonezkoa jo zuen, antza denez, oinezkoentzako pasabidetik igarotzen ari zela.
Kolpearen eraginez, airean irten zen eta konorterik gabe gelditu zen lurrean.
Istripuaren tokira bertaratu ziren osasun langileek artatu zuten gizona, eta Santiago ospitalera eraman zuten gero.
Radio Euskadik aurreratu duenez, gizona Santiago ospitalean izan da ordutik, baina, azkenean, hil egin da.
Udaltzaingoak istripuaren nondik norakoak argitzeko ikertzen jarraitzen du.
2008ko Gabonetan Gasteizen tranbia martxan jarri zenetik hildako bat eragin duen lehen istripua izan da.