Gizartea -

Seseña (Toledo)

Seseñako alkatea: 'Sutea erabat kontrolpean dago'

Berrogeita hamar bat lagunek Toledoko herri honetako pabilioian eman dute gaua; dena den, mila bat pertsona irten behar izan dira etxetik, eta familiako eta lagunen etxeetan hartu dituzte.

Seseñako suteak eragindako kea toxikoa da, adituen arabera

1:43

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seseñako alkate Carlos Velazquezek ostiraleko azken orduan adierazi duenez, ostegun gauean herriko gurpil-zabortegian piztutako sutearen egoerak "nabarmen" egin du hobera; alkateak dio "erabat kontrolpean" dagoela, hain zuzen ere. Europako gurpil-zabortegirik handiena da sutea pairatzen ari dena.

Europa Pressi egindako adierazpenetan, Velazquezek nabarmendu du larunbat honetako lehen orduan egingo dutela aire-kalitatearen ebaluazio bat, bai eta eguraldi-iragarpena ere, xede izanik aztertzea ea etxetik kanpo dauden familiek aukera duten etxera bueltatzeko. Ostiraleko azken orduan, alkateak herriko udal-pabilioia bisitatu zuen; bertan berrogeita hamar bat lagunek eman dute gaua; Velazquezek espero du gaur itzultzea euren etxeetara.

Berrogeita hamar bat lagunek erabili behar izan dituzte udal-instalazioak, baina alkateak gogorarazi du ia mila pertsona irten direla euren etxeetatik; hala ere, nola El Quiñon auzoko biztanle askok familiakoak gertu dituzten, hurbil geratu ahal izan dira.

Velazquezek azpimarratu du ez dela beharrezkoa izan inor joatea aldameneko udalerrietara (Ciempozuelos, Valdemoro edo Esquiviasera), bertan prestatutako instalazioetara. Alkateak bertatik bertara jarraitu zituen sutearen aurkako lanak ostiral goizaldeko 2:00etatik.

"Jende asko joan da, inork ez behartuta. Auzo honetako biztanleak gazteak dira, eta askok familiakoak dituzte aldameneko udalerrietan; hori dela eta, familiakoen etxeetara joan ahal izan dira", zehaztu du.

Gainera, Seseñan jaieguna dute astelehenean, San Isidro, eta herritar asko ez daude herrian, zubiaz gozatzeko irten baitira.

Seseñako alkateak berretsi dio bere esker ona "lagundu duten herriko pertsona eta enpresa guztiei, bai eta aldameneko herrietako alkateei, elkartasuna agertu digutelako, alderdi politikoa zein den kontuan izan gabe".

Ostegun gauean piztu zen sutea

Europako gurpil zabortegi handienean, Seseñakoan (Toledo), sutea piztu dute ostegun gauean, nahita, itxura guztien arabera. Milaka tona pneumatiko dituen biltegiaren zatirik handiena Seseñan (Gaztela-Mantxa) dago, baina Valdemorora (Madrilgo Autonomia Erkidegoa) iristen da. Ke handia zegoen ostiralean inguru guztian, eta, hasieran larrialdiei aurre egiteko planaren 1. maila ezarri badute ere, azken orduetan 2.era igo dute.

Larrialdi zerbitzuek 01:20 aldera jaso zituzten gertakariaren berri ematen zuten lehen deiak. Erretako gurpilek ke beltza eragiten dute, eta ke handia pilatu denez, Gaztela-Mantxako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du 05:00ak aldera Toledo iparraldeko inguru horretan.

Eguerdirako, ordea, 2. mailara igo du alerta maila. Horri esker, Larrialdietako Armadaren unitateak egoki ikusten duenean esku hartu ahalko du.

Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidentea biltegira joan da, sutearen bilakaera bertatik bertara jarraitzeko.

Biltegiaren % 50, sutan

Madrilgo erkidegoko eta Gaztela-Mantxako suhiltzaileak lurrez eta airez ari dira sua itzaltzeko lanetan. Helburua sutearen ingurua mugatzea da, garrak gehiago zabal ez daitezen.

Suhiltzaileen esanetan, biltegiaren % 50 sutan legoke. Guztira 10 hektarea ditu bost milioi gurpil inguru biltzen dituen zabortegiak.

Luis Villarroel Madrilgo erkidegoko suhiltzaileen buruak adierazi duenez, "garrak gehiago zabaltzea saihestu behar dugu, ketza mugatzeko, hori baita kezkagarriena".

Villarroelen hitzetan, 25 km/h-ko haize boladek dezente zaildu dute euren lana, eta suak indarra hartu du azken orduetan.

Seseña Toledo vertedero de neumáticos gurpil zabortegia sutea incendio. EFE

Seseña Toledo vertedero de neumáticos gurpil zabortegia sutea incendio. EFE

Milaka gurpil sutan daude. EFE

Keak minbizia eragin lezake

Suak eragindako ke beltz zutabea urrunetik ikus daiteke. Hori da, hain justu, kezka iturri nagusia. Izan ere, ke hori arnastea "oso arriskutsua" da "minbizia eragin dezaketen substantziak" baititu kedarrak, Joan Grimalt ikerlariak azaldu duenez.

"Kedarrak hidrokarburo kantitate handiak ditu, tartean, minbizia eragin dezakeen benzopirenoa", esan du. Hortaz, sutetik urrun egotea eta etxebizitzetako leihoak ondo ixtea gomendatu du adituak.

Hala, herritarrentzat arriskutsua izan daitekeelakoan, Seseñako hiru auzotako bizilagunei etxetik ez ateratzeko agindu diete.

Carlos Velazquez herriko alkateak Ser irrati katean esan duenez, sutea nahita piztutakoa izan dela uste dute. Izan ere, goizaldean euria egin du, eta sua biltegiaren bazter batean hasi da, Valdemoron. Haren hitzetan, gurpilen sute bat amatatzea bezain zaila da hura piztea.

"Jabea, desagertuta"

Jaime Gonzalez Taboada Madrilgo Erkidegoko Ingurumen sailburuak azaldu du gurpil zabortegiko arduraduna desagertuta dagoela eta 600.000 euroko isunak jaso dituela.

Sailburuak adierazi du hilerria Seseñan dagoela, baina denborak aurrera joan ahala, Valdemoron ere isuriak egin zituela konturatu ziren. Horrela, Madrilgo Erkidegoak arduraduna zigortu zuen eta Gaztela-Mantxarekin batera ekimen bat jarri zuten martxan, hondakinen arazoari aurre egiteko. Urteak aurrera joan ziren eta enpresariak "isuriak egiten jarraitu zuen". Madrilek 90.000 euroko isuna jarri zion, eta gainontzeko administrazioek jarri zieten isunekin, 600.000 euroko isunak izan zituen guztira.

"Gobernuan sartu ginenean arazo horrekin topo egin genuen eta lehen neurria ministerioarekin kontaktuan jartzea izan zen. Larrialdizko bilera bat antolatu genuen, uztailean", azaldu du sailburuak.

Alboan dagoen herri bat hustu dute

Seseñako El Quiñón (Toledo) urbanizazioa hustu dute, pneumatiko erre poblazioarentzat arriskutsuak izan daitezkeelakoan. Bertako Gobernuak azaldu duenez, kea erdigunera heldu daitekeela uste dute.

Ikerketako iturriek adierazi dute hustea haizearen norabidearen aldaketagatik hartu dutela. Keak aurkako norabidea hartu du eta urbanizaziora norabidea hartu du.

Seseña Zaharreko polikiroldegi bat eta Esquiviaseko beste bi ahalbidetu dituzte hutsarazi dituztenak hartzeko, 600 bat lagun guztira. Beharren arabera, gehiago izan daitezkeela uste dute.

Europako Batzordearen galdera

Europako Batzordeak informazioa eskatu dio Espainiako Gobernuari Seseñako pneumatikoen zabortegiaren inguruan, baina ez du ekintza legalik edota espedienterik ireki oraindik Espainiaren aurka.

"Europako Batzordeak informazio gehiago eskatu dio Espainiari zabortegiaren inguruan. Ez ditugu ekintza legalik hartu oraindik, hau da, ez dugu arau-hausteren baten inguruko berririk izan", azaldu dute zabortegiaren inguruan. Milaka lagun etxetik irtenarazi dituzte.

"Ikerketaren fase oso goiztiarrean gaude", azaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak