Gizartea -

Eskola-jazarpena

Iruindar baten heriotza bullyingarekin lotuta dagoen ikertzen ari dira

Familiak gutuna bidali die bi hedabideri, horien bidez Poliziaren ikerketan laguntzea eskatzeko herritarrei.

Iruñean hilda agertu zen ikasle baten familia, laguntza bila

1:30

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako auzitegi batek ikerketa abiatu du gazte iruindar baten heriotzak bullying edo eskola-jazarpenarekin zerikusirik izan duen argitzeko, Radio Euskadik jakitera eman duenez.

Gazte iruindarra martxoaren 16an hil zen. Espainiako Poliziak ikerketa abiatu zuen orduan, eta Nafarroako hiriburuko 3. Instrukzio Auzitegiak bere gain hartu zuen kasuaren ardura. Orain arte, baina, ez da horren berri eman hedabideetan, eta familiak Nafarroako bi hedabideri gutuna bidalitakoan zabaldu da.

Familiak Poliziaren ikerketan laguntzeko eskatu die herritarrei, eta eskola berean hainbat eskola-jazarpen kasu izan direla jakin dutela azaldu dute.

Hezkuntza Departamentutik esan dute gaztea hil zen egunean bertan izan zutela gertatutakoaren berri. Orduan egiaztatu zuten ez zela protokoloa martxan jarri, eskolatik jazarpen kasurik ez zutela atzeman adierazi baitzieten.

Hezkuntza Departamentuak ez du argitu bullying kasua izan den, ikerketak irekita jarraitzen duelako. Hala eta guztiz ere, Departamentuak esan du berrikusi egingo dituztela eskola-jazarpenari aurre egiteko protokoloak, ikasleek eta familiek Departamentuarekin bide zuzenagoa izan behar dutela iritzita.

San Cernin eskolako zuzendaritzatik, gaztearen eskolatik, harrituta agertu dira familiaren gutunaren aurrean. Ikerketa judizialean laguntza osoa eman dutela nabarmendu dute, eta, egoera azaltzeko asmoz, eskolako familia guztiei gutuna bidaliko dietela iragarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Nafarroa gaur Gaurko azken ordukoa Bullying kasuak