Gizartea -

'El Mundo'ko kolaboratzailea

Salud Hernandez kazetari espainiarraren bila ari dira Kolonbian

Koka landareen laborantzari buruzko ikerketa bat egiten ari zen eta larunbataz geroztik ez dute haren berririk.

Ez dute Salud Hernandez kazetariaren berririk larunbataz geroztik. Argazkia: EFE
Ez dute Salud Hernandez kazetariaren berririk larunbataz geroztik. Argazkia: EFE
Ez dute Salud Hernandez kazetariaren berririk larunbataz geroztik. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salud Hernandez kazetari espainiarraren bila ari dira Kolonbian. Koka landareen laborantza sailen erauzteari buruzko ikerketa bat egiten ari zen Kolonbiako Catatumbo eskualdean eta larunbataz geroztik ez dute haren berririk. Hernandezek El Mundo egunkarian eta Kolonbiako El Tiempo egunkarian kolaboratzen du, besteak beste.

El Mundo egunkariak gaur argitaratu duenez, Salud Hernandez Kolonbiako gerrillaren eskuetan dago eta bertako zenbait hedabidek ere hipotesi hori iradoki dute. Dena den, ELN Nazio Askapenerako Armadak ez du informazioa ez baieztatu eta ezta gezurtatu ere. Ildo horretan, agintariek ez diote oraingoz inori leporatu balizko bahiketa.

El Tiempo Kolonbiako egunkariaren arabera, Hernandez asteazkenean El Tarra udalerrira heldu zen kokari buruzko ikerketa bat egiteko eta larunbatean ikusi ei zuten azkenekoz.

Jose de Dios Toro El Tarrako alkateak ziurtatu duenez, larunbat eguerdiaz geroztik ez dute kazetari espainiarraren berririk. Horren esanetan, larunbat eguerdian lekaime batekin elkartu zen hiriko jatetxe batean. El Tiempo egunkariak jasotako bertsio horren arabera, jatetxera iritsitakoan gizon batekin hitz egin zuen eta, segidan, norabait abiatu zen. Joan aurretik, ostiralean atxiki zioten zerbait itzuliko ziotela esan zion lekaimeari.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak haren Twitter kontuan iragarri duenez, kazetaria bilatzeko agindu die Indar Publikoei.

Kolonbiako Defentsa Ministerioak berri eman duenez, kazetaria bilatzeko beharrezkoak diren pausoak ematen ari dira, baina ez du baieztatu kazetaria ELNren eskuetan dagoenik.

Bestalde, Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Gobernuko jarduneko Atzerri ministroak gaur azaldu duenez, "itxura guztien arabera" ELNk bahitu du Salud Hernandez kazetari espainiarra. Horren esanetan, bahiketatan espezializatutako Gaula unitatea bertaratu da Catatumbo eskualdera kazetaria non dagoen jakiten saiatzeko eta, bahiketa izan dela baieztatzen bada, nork bahitu duen argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Espainia argazkiak Bahiketak Gaurko azken ordukoa Zer gertatu da Kolonbian? Desagertutako pertsonak gaur Kazetaritza azken ordukoa