Gizartea -
LOTERIA SARITUAREN IRUZURRA
Atxilotu bat, iruindar bati loteria sarituaren iruzurra egiteagatik
Polizia Nazionalak esan duenez, azken bi hilabetetan, loteria sarituaren iruzur kasuen salaketa kopurua nabarmen handitu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Polizia Nazionalak Madrilgo 41 urteko gizon bat atxilotu du, iruindar bati loteria sarituaren iruzurrarekin 15.000 euro lapurtzea egotzita. Atxilotutakoak antzeko delituen hainbat aurrekari ditu.
Poliziaren arabera, biktima kaletik zihoala, “azentu espainola zeukan” gizon bat hurbildu zitzaion diru eske, arineketan tren bat hartu behar zuela esanez. Gizonak urritasun mentala zeukala antzezten zuen eta poltsikoan zituen loteria txartel batzuk eskaini zizkion trukean.
Une horretan, inguruan zegoen beste gizon batengana hurbildu zen biktima, loteria txartelak saritutakoak ziren ala ez galdetzeko. Gizon hori ere beste iruzurgile bat zen eta, loteria txartelak saritutakoak zirela esan zion biktimari.
Bi iruzurgileek biktima konbentzitu, eta saria bere osotasunean kobratu ahal izateko diru kantitate bat eskatu zioten biktimari.
Hirurak kotxe baten sartu eta, bankurantz joan ziren. Bertan, 15.000 euro atera zituen denetara eta, kotxean zain zeuden bi iruzurgileei dirua emandakoan ihes egin zuten.
Polizia Nazionalak, azken bi hilabetetan, antzeko iruzur kasuen salaketak nabarmen handitu direla esan du.