Gizartea -

2015eko txostena

EAEn pobrezia kronikoa izaten jarraitzen du, Caritasen arabera

2015ean Caritasek 44.764 pertsonari lagundu zien, eta antzeko kopurua izan da azken urteetan. Hala ere, familia babesgabeenek prekarietate eta kronifikazio egoerak jasaten jarraitzen dutela esan du.

EAEko 2015eko Jarduera memoria eta jardueratxostenak aurkeztu ditu Caritas Euskadik. EiTB.
EAEko 2015eko Jarduera memoria eta jardueratxostenak aurkeztu ditu Caritas Euskadik. EiTB.
EAEko 2015eko Jarduera memoria eta jardueratxostenak aurkeztu ditu Caritas Euskadik. EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostia, Bilbo eta Gasteizko elizbarrutietako Caritasek 2015eko jarduera-txostena aurkeztu dute gaur. Horren arabera, pobrezia gurasoetatik seme-alabetara pasatzen da, eta Euskadiko Caritasek alde handiak nabaritu dituzte lurralde osoan. Ondorioz, familia babesgabeenek prekarietate eta kronifikazio egoerak jasaten jarraitzen dute.

Txosteneko datuen arabera, 2015ean Caritasek 44.764 pertsonari eman zien laguntza hiru lurraldeetan. Azken urteetan ere antzeko kopurua izan da.

Arreta jaso zuten horietako gehienak emakumeak (% 62,2), langabeak (% 58,6) eta familia-ardura dutenak izan ziren. Artatutako familia kopuru osotik, 1.791 espainiarrak ziren, eta gainerakoak, 77 herrialdetatik etorritakoak.

Caritas Euskadik emandako beste datu esanguratsu bat arlo ekonomikoan egindako gastua izan da. 5.000.000 eurokoa izan zen 2015ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elizbarrutietako hiru Caritasen artean.

Beste behin, boluntarioen laguntza eta dedikazioari esker bideratu ahal izan da Caritasen jarduera. 2015ean, 4.250 boluntario aritu ziren Caritasen programak dinamizatzen eta erakundearen artatzen dituen pertsonei laguntza ematen.

Prekarietatearen kronifikazioa

Caritasek aurreko urteetako txostenetan azpimarratu bezala, egoera ekonomikoaren adierazleek krisiari aurre egin diogula esan arren, datuek ez dute hori adierazten, Caritasen arabera, eta lagundutako pertsonen egoerak berdina izaten jarraitzen du.

2015ean jasotako datuek agerian uzten dute EAEko familia askoren prekarietatearen kronifikazioa, eta, gainera, kalteberatasun egoeran dauden familiei laguntzen dieten sareek gero eta gaitasun txikiagoa dutela gaineratu behar zaio horri.

Kanpaina instituzionala

Corpus Christi (igandea, maiatzak 29) egunaren inguruan, kanpaina instituzionala jartzen du abian urtero Caritasek EAEko hiru hiriburuetako elizbarrutietako parrokia, ikastetxe eta instituzio erlijioso guztietan. Diru-bilketak egingo dira kristau komunitateak Caritasen ekintza babestu eta gizartean premia handiena dutenei laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak