Gizartea -
KOBRE PREZIATUA
Kobrea lapurtzen zuen talde bat desegin dute Iruñean eta Santurtzin
12 pertsona atxilotu dituzte, Frantziako iparraldean kobrea lapurtzera dedikatzen zen talde kriminal bateko kide izateagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak eta Frantziako Jendarmeriak 12 pertsona atxilotu dituzte denetara kobrea lapurtzeagatik. Atxilotuak ustez, nazioarteko talde kriminal bateko kide dira eta, Frantziako iparraldean ebasten zuten kobre preziatua. Iruñetik eta Santurtzitik kontrolatzen zuten taldea.
Guardia Zibilaren arabera, kobrea hego Euskal Herriko hondakinen birziklapeneko zentroetan saltzen zuten.
“Casernes” operazioaren barruan, Frantzian 5 pertsona atxilotu dituzte, beste 2 Santurtzin eta 5 gehiago Iruñean. Frantzia iparraldean egindako 14 lapurreta kasu argitu dira.
Era berean, Trapagako (Bizkaia) eta Noaingo (Nafarroa) lau industria-nabe miatu dituzte. Besteak beste, hiru auto, hainbat matrikula plaka eta 15.000 eurotan baloratutako 1.000kg kobre atzeman dituzte.
Polizia ezberdinen elkarlana klabea izan da talde kriminala desegiteko. Polizia operazioan, EUROPOLek, Errumanian eta Frantzian dauden Espainiako agregatu polizialak eta Cafranc, aduanen eta Polizien koordinazio zentroak parte hartu dute.
Guardia Zibilak irailean egin zuen ohiko kontrol batean, kobre kantitate handia zeraman auto bat gelditu zuen. Informazio trukeari esker, Verneixen (Frantzia) kobre lapurreta garrantzitsu bat gertatu zela jakin zuten. Orduan jarri zen martxan “Casernes” operazioa.
Guardia Zibilaren arabera, taldeak Errumaniatik funtzionatzen zuen baina, nagusiak Bizkaian eta Nafarroan finkatuta zeuden. Lapurretak egiteko eta modu antolatuan bidaiatzeko batzarrak egiten zituzten muga zeharkatu aurretik.
Desplazamenduetarako gama altuko kotxeak, polizia kontrolak detektatzeko beste kotxe batzuk eta ebatsitako materiala garraiatzeko furgonetak erabiltzen zituzten. Modu berean, eta polizia despistatzeko, hainbat aldiz aldatzen zituzten egin beharreko ibilbideak.
Behin lapurreta eginda, Bilboko aparkaleku publiko baten uzten zuten furgoneta eta, handik egun batzuetara, Nafarroa eta Bizkaiko birziklapen zentroetan saltzen zuten materiala.