Gizartea -
Banc Expropiat
Istiluak izan dira berriro Bartzelonako Gracia auzoan
Esquadra Mossoetako zazpi agente zauritu dira, eta zinegotzi batek polizien kolpeak salatu ditu.
agentziak | erredakzioa
Istiluak izan dira berriro asteburuan Bartzelonako Gracia auzoan, Banc Expropiat okupen gizarte zentro autokudeatua berreskuratu nahi duten manifestarien eta Esquadra Mossoen artean, eta zazpi agente zauritu dira. Era berean, zinegotzi batek polizien kolpeak salatu ditu.
Zauritutako zazpi agenteetatik lauk bajan eman beharko omen dituzte egun batzuk. Gainera, polizia-iturriek jakinarazi dute furgoneta bati ere "kalte handiak" egin dizkiotela.
Atzo eguerdian 200 pertsona elkartu ziren Banc Expropiat okupen gizarte zentro autokudeatua hartzen zuen Caixa Tarragonaren sukurtsal abandonatuaren aurrean, eta Esquara Mossoek kargatu egin zuten manifestarien kontra, latak, ura, irina eta harriak jaurti zizkietelako. Trafikoa moztu zuten, eta segurtasun hesia jarri zuten lokalaren inguruan.
Arratsaldeko elkarretaratzean, Anna Gabriel eta Eulalia Reguant CUPen diputatuak eta Maria Jose Lecha eta Josep Gargante zinegotziak ere egon dira. Azken horrek mossoen kolpeak salatu ditu Twitterren.
Gracia auzoko gatazka aurreko astean hasi zen, okupatutako lokala jendez hustu ostean, epailearen aginduz.