Gizartea -

Protesta

Riadeko enbaxadan gose greban zegoen laudioarrak protesta utzi du

Jan barik 32 egun eman ostean, bere helburuak "bete" dituela uste du Juan Ramon Martinek.

Martin Menoyo, gose grebaren une batean.
Martin Menoyo, gose grebaren une batean.
Martin Menoyo, gose grebaren une batean.

E.G | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Ramon Martin Menoyo Riadeko enbaxadako (Saudi Arabia) langile eta Laudioko gizasemeak maiatzaren 4an abiatutako gose greba bertan behera utzi du, jan barik 32 egun igaro ostean. Espainiako Atzerri zerbitzuan erreforma "sakona" galdegiteko abiatu zuen baraualdia Martin Menoyok, eta enbaxada eta enparauetan atzemandako "irregulartasun eta botere gehiegikeriak" salatu ditu.

Youtuben ekainaren 6an argitaratutako bideo batean azaltzen duenez, "borrokan jarraitzeko nahikoa indar" baditu ere, bere helburuak "bete" dituela uste du arabarrak. Nabarmendu duenez, Atzerri zerbitzuko egoera aldatzeko "ibilbide luzeko borroka" behar da.

Martin Menoyoren hitzetan, jaso ditzakeen "estalitako mehatxuak gorabehera, borrokan" jarraituko du, "atzera bueltarik ez" duelako. Likidoak bakarrik ahoratzen egon den denbora honetan "Atzerri zerbitzuaren langileriak kontzientzia hartu" duela ikusi du, eta funtzionario askok irregulartasunak "izen eta abizenekin" salatu dituztela gaineratu. Txanponaren beste aldean, alderdi politikoen jarrera aipatu du. Kritikatu duenez, protestari emandako babesa ez da nahikoa izan, eta zenbait kasutan, aferaren aurrean "entzungor" azaldu dira.

Hilabete honetan jasotako babesa eskertuz eta "justizia, duintasuna eta legeari errespetua bezalako printzipio unibertsalak" aldarrikatuz amaitu du bideoa laudioarrak. Nabarmendu duenez, Change.org plataforman abiatutako sinadura bilketak indarrean jarraituko du, beste Atzerri zerbitzu bat eskatuz, betiere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua bideoak Laudioko bideoak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Saudi Arabia Aiarako kuadrilla