Gizartea -
MADRIL
Gizon bat atxilotuta, emaztea kolpatu eta semea hiltzen saiatzeagatik
Madrilen izan ziren erasoak, igande goizaldean. Poliziaren arabera, 41 urteko gizonezko batek emaztea jo zuen aurrena, eta, ondoren, 10 hilabeteko semea itotzen saiatu zen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizonezko bat atxilotu du Polizia Nazionalak, Madrilen, emaztea erasotu eta 10 hilabeteko semea itotzen ahalegintzeagatik. Haurra leihotik behera botatzeko saiakera ere egin zuen, Poliziaren arabera.
Igande goizaldean izan ziren erasoak, Madrilgo Hortaleza auzoko etxebizitza batean. Bertako bizilagunek deitu zuten larrialdi zerbitzura, bikote bat eztabaidan, oihuka, ari zela ohartarazteko.
Polizia bertaratu zenean, emakumeak ireki zion etxebizitzako atea: negarrez zegoen, eta arropa odolez zikinduta zuen. Emakumeak jakinarazi zien agenteei senarrak semea leihotik behera bota nahi zuela.
Egoeraren aurrean, 41 urteko gizonezkoa etxean bertan atxilotu zuten, emakumeen kontrako indarkeria eta hilketa saiakera delituak egotzita. Haurra Ramon y Cajal Ospitalera eraman zuten, anbulantzian.
__________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.