Gizartea -

Nafarroa

Iruindar bat atxilotu dute, exhibizionismoa egotzita

Iruñeko auzitegi batek urruntze agindua ezarri dio atxilotuari eta salatu duten adingabeengana hurbiltzea debekatu diote.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foruzaingoak 37 urteko iruindar bat atxilotu du adingabeen aurrean, Burlatan, exhibizionismo delitua egitea leporatuta. Antza denez, batez ere, ikastetxe, haurtzaindegi eta plaza inguruetan jarduten zuen.

Atxilotuak antzerako delituengatik aurrekariak ditu, Foru Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez.

Iturri horrek azaldu duenez, atxilotua adingabeengana hurbildu zen aldi horietako batean haurretako batek argazkia atera zion. Ondoren, adingabeek gurasoen laguntzaz salaketa jarri zuten Foruzaingoan.

Burlatako Udaltzaingoak ere ikerketari ekarpena egin zion. Hariak lotuta, gizonezkoa hilaren 1ean atxilotu zuten.

Adingabeek atxilotua ezagutu egin zuten polizia-etxean egindako identifikazio-saioan eta horietako bik salaketa jarri zuten.

Poliziaren izapideak Iruñeko 4. zenbakiko instrukzio epaitegiaren esku daude orain eta bertako epaileak urruntze agindua ezarri dio atxilotuari eta salatu duten adingabeengana hurbiltzea ere debekatu dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Gizartea bideoak Burlata albisteak Albisteak