Gizartea -
Gipuzkoa
Takografoak manipulatzeko punta-puntako sistema bat atzeman dute
Takografoen kontrol bikoitza urrutiko kontrolaren bidez baliogabetzen zituen sistema bat aurkitu zuten ertzainek A-8an zebilen kamioi batean.
EITB.EUS
Gipuzkoako Trafiko Unitateko Ertzaintzaren agenteek ibilgailu astunen takografoen kontrolak saihestu eta iruzurra egiteko sistema sofistikatua atzeman zuten joan den astean Irunen. Punta-puntako sistema horrek urrutiko kontrolaren bidez baliogabetzen zuen takografoen seinale bikoitza, eta, hortaz, gailuak ez zituen gidariaren eta ibilgailuaren datu errealak jasotzen.
Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, AP-8an, Irungo ordainlekuan, ezarritako ohiko kontrol batean atzeman zuten iruzurra. Ibilgailu astun baten takografoan irregulartasunen bat igarri zuten agenteek. Miaketa sakonago batean, takografoa manipulatzeko sistema sofistikatua zuela ikusi zuten.
2012. urtetik, iruzurrak saihesteko eta segurtasuna bermatzeko sistema osatuago eta konplexuagoa dute takografoek. Bi seinale bidaltzen dute gailuek, bakar baten ordez.
Kamioi honetan, ordea, bi seinale horiek urrutiko kontrolaren bidez baliogabetzeko sistema aurkitu zuten. Bi seinale horiek kenduta, gidatzen emandako denbora eta abiadura manipula daiteke, baina, era berean, segurtasun sistema batzuk baliogabetzen dira; besteak beste, ABS sistema edo balaztatze aurreko laguntza elektronikoa.
Ibilgailua immobilizatzeaz gain, 6.000 euroko isuna ekar dezakeen auzibidea abiatu zuen Ertzaintzak gidari horren kontra.