Gizartea -

Iruñea

Modelo agentzia bat ikertzen ari dira emakumeak biluzik grabatzeagatik

Antza denez, bulegora joaten ziren neskak baimenik gabe grabatzen zituzten. 137 salaketa aurkeztu dituzte Foruzaingoan, baina biktimak 150 baino gehiago izan daitezkeela uste dute.

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko 5. instrukzio epaitegia Iruñeko agentzia modelo bateko zuzendaria ikertzen ari da, baimenik gabe emakumeak biluzik grabatu zituelakoan.

137 emakumek jarri dute salaketa Nafarroako Foruzaingoan, tartean, 30 adin txikikok. Halaber, beste 20 emakumek beren lekukotza eman dute, baina ez dute gertaturikoa salatu.

Aipaturiko modelo agentzia Arrosadia auzoan dago eta bertako zuzendaria ikerketa pean, baina libre dago une honetan. Foruzaingoak iaz abiatu zuen ikerketa eta Iruñeko 5. instrukzio epaitegiaren esku dago auzia.

Foruzaingoak 2015eko urtarrilean abiatu zuen ikerketa 16 urteko neska batek jarritako salaketa baten harira. Adin txikikoak salatu zuenez, agentziako zuzendariak bideoz grabatu zuen, bere baimenik gabe, arropaz aldatzen ari zen bitartean.

Ustez, agentziako zuzendariak grabatutako 500 bideo baino gehiago eta haren bulegoan atzemandako material informatikoa ikertzen ari dira.

Modelo agentziako zuzendaria sare sozialen bitartez jarri ei zen harremanetan nesketako batzuekin. Antza denez, zenbait neskak 300 euro ere ordaindu zituzten moda ikastaro batzuen truke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa Salaketak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa