Gizartea -

Hizkuntza ereduen auzia

Iruñeko haur eskolen eredu aldaketaren baliogabetzea, bertan behera

Nafarroako Auzitegi Nagusiak uste du "izen-emate eta matrikulazioa errepikatu" beharko litzatekeela, horrek interes orokorrari eragingo liokeen kaltearekin.

Kaltedunek baliogabetzearen kontrako protesta egin zuten. Argazkia: Iruñeko Euskalgintza
Iruñeko haur eskolek euskara eskaintza zabaldu dezakete

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza zabaltzeko Udalak hartutako erabakiari bide eman dio gaur Nafarroako Auzitegi Nagusiak, eta epaileak ezarritako baliogabetzea bertan behera utzi du.

Otsailaren 22an Donibane eta Fuerte Principeko haur eskoletako hizkuntza eredua aldatzea erabaki zuen Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomiko gobernu batzordeak, euskarazko lerroa ezarrita. Guraso talde batek errekurtsoa aurkeztu zuen erabakiaren kontra, eta ebazpena baliogabetu zuen maiatzean epaile batek. Udalak, baina, helegitea jarri zuen, eta arrazoia eman dio orain Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Epaia irmoa da, eta ezin liteke errekurtsorik aurkeztu.

Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren arabera, baliogabetzeak "kaltetutako haurrei" baino kalte handiagoa egiten dio interes orokorrari, izan ere, "Iruñea osoko haur eskoletako izen emate eta matrikulazio prozesua errepikatu beharko litzateke, hura ia amaituta dagoela".

Auzitegiaren hitzetan, aldaketaren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuten gurasoak "gutxiengoa dira, plazen lauren bat gutxi gorabehera".

Interes orokorra lehenetsi behar da

Auzitegiak ebazpenean argudiatu duenez, euskarazko eskaintza zabaltzeko erabakia balio gabe uzteak "bi eskola hauetan izena eman zuten gainerako haurrei eragiten die modu zuzenean", matrikulazioa berriro egin behar izatean "plaza gabe gera daitezkeelako".

Hizkuntz ereduaren aldaketa "kalte gisa hartu" duten gurasoak egon badaudela esan Auzitegiak, baina haren iritzian, "zalantzazkoa da bere horretan hartuta kaltegarria" ote den.

Horren aurrean, berriz, baliogabetzeak "kalte handi eta objektiboak" ditu interes orokorrerako eta gainerako haurrentzako.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Iruñea azken orduko berriak Nafarroa gaur Eguneko albisteak