Gizartea -
Gertakaria
Bilbotik atera zen hegaldi bateko tripulazioko 4 kide, arin zaurituta
Vueling aire-konpainiako lau langileek ubelduak eduki zituzten asteazkenean Bartzelonara bidean izan zituzten turbulentziak tarteko.
EITB.eus
Vueling konpainiako VY435 hegaldiko tripulazioko lau kide arin zauritu ziren joan den asteazkenean Bilbotik atera eta Bartzelona helmuga zuen hegazkinak pairatutako turbulentzien eraginez.
El Correo egunkariak gaurko alean jaso duenez, laurek ubelduak izan zituzten hegaldian izandako turbulentziengatik, eta badaezpada, Gurutzetako Ospitalean artatu zituzten. Gainerako bidaiariek ez zuten minik hartu, hegazkin konpainiako iturriek egunkariari zehaztu diotenez.
Nonbait, "aire argiko turbulentziak" (hori da izen teknikoa) izan zituzten aireratu eta apur batera. Mota honetako turbulentziak oso arraroak dira eta radar meteorologikoek ezin dituzte atzeman. Astinduak ustekabean harrapatu zituen tripulazioko kideak, eta hegazkinaren aulkien kontra joan ziren. Zorionez, zauriak ez ziren larriak izan.