Gizartea -

Araudi polemikoa

Elkarretaratzeak eta protestak 'Mozal Legea'ren lehen urteurrenean

Espainiako Gobernuak Alderdi Popularraren gehiengo osoarekin onartu zuen. Urtebetean, EAEn, Ertzaintzak 4.000 zigor jarri ditu araudi hori dela eta.

Bilbon Mozal Legearen aurka egindako elkarretaratze bat. EiTB
Bilbon Mozal Legearen aurka egindako elkarretaratze bat. EiTB
Bilbon Mozal Legearen aurka egindako elkarretaratze bat. EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarretaratzeak eta protestak izango dira gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan duela urtebete sartu baitzen indarrean Espainiako Gobernuak Alderdi Popularraren gehiengo osoarekin onartu zuen 'Mozal Legea', Euskadi Irratiak azaldu duenez. Ordutik, milaka salaketa jarri dira, gehienak desobedientzia delituak egotzita.

Urtebete da gaur Herritarren Segurtasunerako Legea, 'Mozal Legea' izenaz ezagutzen den legea, indarrean sartu zela. Rajoyren Gobernuak lege-ekimena aurkeztu zuenetik, polemika bizia sortu zen, bai kalean eta baita alderdi politikoen artean ere. Oposizioak bat egin zuen, eta Auzitegi Konstituzionalean legearen aurkako helegitea aurkeztu zuen.

Mobilizazio eta helegiteak, baina, ez ziren aintzat hartu, eta 2015eko uztailaren 1ean onartu zuten legea, Alderdi Popularraren eta UPNren botoekin. Besteak beste, poliziei argazkiak ateratzea, Kongresuaren edo Senatuaren inguruan elkarretaratzeak deitzea edo erresistentzia pasibo eta baketsua egitea debekatu zuten horrela. Isunak 600.000 eurorainokoak izan daitezke.

Urtebete honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Ertzaintzak 4.000 zigor jarri ditu araudi hori dela eta. Legeak arlo eta gai asko arautzen ditu; besteak beste, legez kanpoko drogen salerosketa eta kontsumoa zigortzen du. Horixe da Ertzaintzak gehien zigortu duena, jarritako hiru zigorretik bat horiekin lotuta baitago.

Bigarren lekuan, poliziari irain egiteagatik jarritako delituak izan dira: 672 isun jarri dituzte.

Berri-Otxoak, Sare Antifaxista, Kakitzat eta SOS Arrazakeria

Hainbat eragile sozialek (Berri Otxoak, Sare Antifaxista, Kakitzat eta SOS Arrazakeria plataformak, tartean) mobilizazioak iragarri dituzte, 'Mozal Legea'ren aurka protesta egiteko.

Elkarte horietako ordezkariek salatu dutenez, krisia "aitzakia" moduan hartuta, hainbat eskubide zibil galdu dira azken urteetan, eta parte-hartze politikoa eta protesta egiteko mobilizazioak "kriminalizatu" egin dituzte.

"2015eko uztailaren 1ean bi 'mozal lege' sartu ziren indarrean: Herritarren Segurtasunerako Legea eta Zigor Kodearen erreforma, askatasunak kentzea eta protestak eta pobrezia zigortzea helburu duen neurri-sorta handiago baten parte zirenak", salatu dute.

Horrenbestez, "beldurra galtzeko eta lege bidegabe horiek desobeditzeko" deia egin dute, eta "auzokideen artean antolatzea eta elkar babestea" eskatu dute.

Horren ildotik, mobilizazioak "independenteak eta deszentralizatuak" izango dira, eta "mozal legeei ez, lege injustuak desobeditu" izango da horien leloa.

Bilbon eta Donostian goizean egingo dute protesta, eta Gasteizen eta Iruñean, arratsaldean.

Axier Lopez

Axier Lopez Argia aldizkariko kazetaria da 'Mozal Legea'ren ondorioz zigortutako lehenengo berriemailea. 601 euroko isuna jarri zioten, baimenik gabe Naroa Ariznabarreta Eibarren atxilotu zuteneko argazkiak zabaltzeagatik Twitter sare sozialean duen kontua baliatuz.

Irudi horietan, polizia-operazioan parte hartu zuten agenteak identifika daitezkeela zioen salaketak, nahiz eta atzetik baino ez diren ikusten. Axier Lopezek informazio-eskubidea aldarrikatu zuen.

Ertzaintzaren aginduei kasu ez egiteagatik 476 zigor jarri dira. Azken asteetan, Gipuzkoa Zutikeko kideen identifikazioa dela-eta, lehen lerrora pasatu zen; izan ere, 'Mozal Legea'k baimena ematen die poliziei herritarrak 6 orduz polizia-etxean atxikitzeko, identifikazio lanak egite aldera.

Bestalde, eremu publikoa oztopatzeagatik 392 zigor jarri dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken orduko albistea