Gizartea -
Arazoak hegazkin-konpainian
Vuelingen hegaldien ezeztatzeek Bilboko aireportuari eragin diote
Bertan behera geratu diren hegaldien artean daude, besteak beste, Bilbo-Alacant, Bilbo-Malaga eta Alacant-Bilbo hegaldiak.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur ere ilarak eta kexak dira nagusi Vueling hegazkin-konpainiak El Prat aireportuan dituen mostradoreetan. Izan ere, Vuelingek irteera- edo helmuga-puntu Bartzelona zuten dozena bat hegaldi bertan behera utzi ditu gaur goizean; gainera, gainerakoek atzerapenak ari dira pilatzen, kasu batzuetan atzerapen horiek lau ordukoak izanik.
Larunbat goizean zehar dozena bat hegaldi ezeztatu ditu hegazkin-konpainiak (horietatik bederatzi Bartzelona zuten irteera- edo helmuga-puntua), eta horrek sumindura eragin du bidaiarien artean, ilara luzeak itxaron behar baitituzte Vuelingen fakturazio- edo informazio-mahaien aurrean bakoitzaren egoerari irtenbideren bat bilatzeko asmoz.
Aldi berean, bertan behera geratu diren hegaldien artean daude, besteak beste, Bilbo-Alacant, Bilbo-Malaga eta Alacant-Bilbo daude.
Horrez gain, konpainiaren hegaldi ugarik atzerapenak dituzte; esate baterako, Eivissa, Amsterdam edo Lyon helmuga dutenek hiru ordutik gorako atzerapenarekin dabiltza.
Konpainiako iturriek aitortu dutenez, gertaerak enpresaren "arazo operatibo" baten ondorio dira, eta azaldu dute bidaiariei euren txartelak aldatzeko edo dirua berreskuratzeko aukera ematen ari zaiela.
David Garcia Blancas Vuelingeko zuzendari komertzialak barkamena eskatu zuen atzo publikoki, eta nabarmendu zuen konpainia buru-belarri dabilela lanean egoera konpontzeko.
"Kudeaketa eta aurreikuspen negargarria"
Vuelingeko enpresa-batzordeak aurreko zuzendaritzak izandako "kudeaketa eta aurreikuspen negargarria"ri egotzi dio enpresak bizi duen nahasmen operatiboa.
Sindikatuak gogoratu duenaren arabera, aspaldi ohartarazi zuen planifikazio ezari eta aurten gerta zitekeen kolapsoari buruz, enpresak prestatutako hazkuntza operatibo neurrigabearen aurrean.