Gizartea -
Deskuiduan egindako ebasketak
Atxilotu bat Derio, Getxo eta Leioako etxebizitzatan lapurtzeagatik
Konpainia elektriko bateko langiletzat aurkezten zuen bere burua, eta egoiliarren deskuiduak aprobetxatuz, dirua eta baliodun objektuak soinean zeraman motxila batean sartzen zituen.
Agentziak | Erredakzioa
Gizonezko bat atxilotu dute Getxon, Txorierriko eta Bilboko itsasadarreko eskuineko ibaiertzeko zenbait etxebizitzatan gertatutako ebasketen ustezko egilea izateagatik. Lapurra konpainia elektriko bateko langile baten plantak egiten zituen.
Ertzaintzak 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, Leioan, Derion eta Getxon jazotako lapurreta sorta baten egilea delakoan.
Atxilotuak konpainia elektriko bateko langiletzat aurkezten zuen bere burua jabedunak engainatu eta etxebizitza barruan sartu ahal izateko, Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez.
Behin etxe barruan, egoiliarren deskuiduak aprobetxatuz, dirua eta baliodun objektuak soinean zeraman motxila batean sartzen zituen.
Zenbaitetan, eraikin bereko auzotarren etxebizitzetan izandako matxurengatik egiaztapenak egiten ari zen elektrikari baten itxurak egiten zituen. Arazo horien antzemateko aitzakiarekin, ondoko etxebizitzetara deitzen zuen erregistro elektrikoak aztertu behar zituela esanez. Etxe barruan sartu ostean, hainbat aitzakia erabiltzen zituen jabeak beste gela batzuetara joan zitezen, eta aukera hori aprobetxatzen zuen ebasketak egiteko.
Modu horretan, hainbat zorroz, bitxiz, material elektronikoz eta eskudiruz jabetzen zen, baita era guztiko baliodun artikuluz ere, soinean zeraman motxila baten sartzen zituenak.
Jasotako informazioa aztertu eta udalerrietako Udaltzaingoekin datuak trukatu eta gero, Ertzaintzak iruzurgilea identifikatzea lortu eta Getxoko Areeta auzoan.
Polizia-eginbideak bukatu eta gero, epailearen aurrera eraman zuten.