Gizartea -
Gipuzkoa
Emakumeen aurkako hiru eraso izan dira Errenterian azken orduetan
Koadrilek, mugimendu feministak eta bizilagunek protesta jendetsua egin dute, herriko kaleetan zehar.
eitb.eus
Errenteriak kalea hartu du, Mugimendu feministak eta Jaien Batzordeak deituta, azken orduotan emakumeen kontra izandako erasoak salatzeko.
Atzo, igandea, goizeko lehen orduan, Lezoko adingabe batek gizon baten erasoa pairatu zuen kalean. Neskaren oihuek ohartarazi zituzten inguruan zeuden bizilagunak eta harengana jo zuten laguntzera. Horietako batek aurre egin zion erasotzaileari, baina ihes egitea lortu zuen.
Segurtasun Sailak ikerketa ireki du, biktimak salaketa aurkeztu eta gero, baina, momentuz, ez da atxiloketarik izan.
Errenteriako Mugimendu Feministak eta Jaien Batzordeak horren moduko erasoei aurre egiteko deia luzatu diete herritarrei.
Gaurko protestaldiaren ondotik, asteazkenean Lezon bilduko dira, 19:30ean, biktimari elkartasuna adierazteko eta erasoa salatzeko.
Bestalde, Errenteriako Mugimendu Feministak bi emakumek azken orduotan jasandako erasoak salatu ditu.
Larunbatean, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen bikotekidea jotzen ari zen unean, kalean, eta igandean emakumezko batek bikotekide ohiaren aurkako salaketa aurkeztu zuen polizia-etxean, tratu txarrak emateagatik.