Gizartea -
Jaiak
Hasi dira Baionako bestak, segurtasun neurri zorrotzen artean
Aurten, hiru ordu aurreratu dute bestei hasiera emateko ekitaldia, azken atentatu jihadisten ostean.
EITB.EUS
Gauean egin ohi dute Baionan besten hasiera: giltzak herriko etxeko balkoitik botatzen dituzte, eta Leon Erregea agertzen da. Aurten, ordea, ezberdina izan da hasiera ekitaldia. Izan ere, Nizako eta Normandiako atentatu jihadisten ondorioz, Frantziako Estatuan alerta maila gorena dago indarrean, eta hori dela eta, hainbat aldaketa egin dituzte egitarau ofizialean. Hala, besten hasiera hiru orduz aurreratzea erabaki du Udalak; 19:00etan izan da hitzordua, ohiko lekuan, hori bai.
Horrez gain, bihar egitekoa zen Haurren Eguna bertan behera geratu da, baita itxiera ekitaldia ere. Horrez gain, segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituzte eta polizia gehiago daude kalean.
Hori gorabehera, bost egunotan jaiez gozatzeko deia egin dute udal arduradunek. Jaien atariko, festazaleen lasterketa egongo da goizean eta eguerdian piperrez egindako arrautzopil lehiaketa antolatu dute egitarau ofizialean. Arratsaldean, berriz, pilota izango da tinketan, eta gau partean, kontzertuak Askatasun, Errepublika eta Paul-Bert plazetan.
Baionako hainbat gizarte eragilek prestatuta, gainera, sexu erasoen kontrako protokoloa izango da aurten. Mezua argia eman nahi dute, Alaia Berant feministak Euskadi Irratiari esan dionez: "Eraso sexualik ez, halakorik ez dugu ametitzen ahal gure bestetan".
Aipatutakoez gain, jaien irekiera alternatiboa prestatu du mugimendu herrikoiak. 21:00etan egin dute San Andres Plazan, Amets Arzallus bertsolariaren agur batekin. Unai Arkauz Baionako Gazte Asanbladaren kidearen hitzetan, "betiko besten ereduarekin ez dugu bat egiten, eta kritikatik alternatibara pausoa ematen dugu, besta euskaldun, parekide eta herritarrak antolatuta".