Gizartea -

Gasteizko feministak

Helduen aurrean egindako masturbazioa delitu ez izatea salatu dute

Exhibizionismo delitua adingabeen edo pertsona urrituen aurrean egiten denean bakarrik aplikatu daitekeela aurreikusten du Zigor Kode berriak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jarraitzen zituen bitartean, masturbatu zen gizon baten aurkako salaketa ezin izan dute aurkeztu bi emakumek Gasteizen. Exhibizionismo delitua adingabeen edo pertsona urrituen aurrean egiten denean bakarrik aplikatu daitekeela aurreikusten du Zigor Kode berriak.

Gertakariak iragan ostiralean jazo ziren, goizeko lehen orduan. Bi emakume heldu lanera zihoazenean, gizon beltz batek autoan jarraitu zituen eta ibilbidearen zati batean masturbatu zen.

Gertakariak salatzeko, Ertzaintzari deitu zioten emakumeek. Ertzaintza gizonaren ibilgailua topatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.

Hala ere, biktimek salaketa aurkeztu nahi izan zutenean, exhibizionismo delitua adingabeen edo pertsona urrituen aurrean egiten denean soilik aplikatu daitekeela jakinarazi zieten.

Bi emakumeak Gasteizko Guardiako Epaitegiaren aurrean gertakariak salatzen saiatu ziren, baina erantzuna bera izan zen.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, bi emakumeen abisua 06:45 aldera jaso zuen ostiralean. Bestalde, Ertzaintzak antzeko gertakari baten berri du. Uztailaren 17an gertatu zen Galdakaon (Bizkaia), eta, antza denez, ibilgailu bera inplikaturik dago.

“Eraso matxista da”

“Gertatutakoa eraso matxista” dela salatu du Gasteizko Mugimendu Feministak agiri batean, “erasoak ez direlako kolpeak, hilketak eta bortxaketak soilik, baita zirriak eta jazarpena ere”.

Horregatik, salaketa ezin aurkeztea gaitzetsi dute feministek, eta sexu-eraso edo eraso matxistaren kontzeptua zabaltzeko legedia aldatzea eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Galdakao Delituak azken ordukoa Gasteiz