Gizartea -
'picchiatore seriale'
'Serie-erasotzaile' donostiar bat atxilotu dute Milanen
Antza denez, AEBn 'knockout game' izenarekin ezaguna den 'joko' baten baitan egin zituen erasoak 23 urteko gazte donostiarrak.
eitb.eus
Milango (Italia) Poliziak baieztatu du Donostiako gazte bat atxilotu duela, gutxienez 10 pertsonari eraso dien "serie-erasotzaile bat" izatea egotzita.
Eraso guztiak azken 15 egunetan egin ei zituen, antza denez AEBn knockout game izenarekin ezaguna den 'joko' baten baitan. Horretan, erasotzaileak pertsona bat konorte barik utzi behar du kolpe batez.
Atzo, agenteek ustezko erasotzailea topatu eta atxilotu zuen: Italian oporretan dagoen eta dj lanetan aritzen den 23 urteko mutil donostiar bat.
Eraso guztiak berdinak izan ziren: gaztea biktimei hurbiltzen zitzaien, eta, ingelesez, hainbat argibide eskatzen zien. Ondoren, bat-batean, kolpe bat ematen zien aurpegian.
Poliziak 10 erasoren berri du, baina uste du gehiago izan litezkeela. Horregatik, salaketa jartzeko deia egin die balizko biktimei.
La Stampa egunkari italiarraren arabera, gazteak aurrekariak ditu Donostian, bertan ere erasoak egiteagatik.