Gizartea -
'NAZARENOAREN IRUZURRA'
Gizonezko bat atxilotu dute Tuteran, 50.000 euroko izurra egiteagatik
Gainera, herri horretako beste bizilagun bat ikertzen ari dira iruzurrarekin lotuta. Guardia Zibilaren arabera, bi gizon horiek 'nazarenoaren iruzurra' delakoaren bidez bereganatzen zuten dirua.
ERREDAKZIOA
Tuterako 41 urteko bizilagun bat atxilotu du Guardia Zibilak, eta 45 urteko beste gizonezko bat ikertzen ari da, hainbat enpresari iruzurra egin eta 50.000 euro legez kanpo bereganatzea egotzita. Guadalajarako, Zamorako eta Teruelgo hainbat enpresa dira iruzurra pairatu dutenak.
Apirilean abiatu zuten ikerketa, Tuterako polizia-etxean enpresa bateko ordezkariak jarritako salaketaren ondoren. Elikagaigintzako produktuak saltzen dituen enpresa bat zen salaketa jarri zuena, eta 18.500 euroko iruzurra salatu zuen.
Informazio horri tiraka martxan jarritako ikerketari esker argitu zutenez, atxilotutako lagunak eta haren kolaboratzaileak hainbat enpresari egin zioten iruzurra.
Guardia Zibilak emandako datuen arabera, 'nazarenoaren iruzurra' delakoa erabili zuten dirua bereganatzeko. Hau da, saltzeko errazak diren produktuen hornitzaileengana jotzen zuten iruzurgileek. Produktuak, hasieran kantitate txikiak, erosten zizkieten, ondoren saltzeko. Denborarekin, eta hornitzaileen konfiantza lortu zutenean, kantitate handiak eskatzen hasi ziren, eta horiek ordaindu gabe utzi zituzten.