Gizartea -
Biharko eta etzirako
Abisu horia EAEn muturreko tenperaturengatik igande eta astelehenerako
Maximoak 37 gradukoak ere izan litezke barnealdean, eta 30 graduetako muga gaindituko dute itsasaldean ere.
Erredakzioa | EiTB.EUS
Eguraldi-iragarpenak aurreratua zuen: beroa da asteburu luze honetako protagonista nagusietako bat. Giro epel-epela dago igande honetan, abuztuaren 14an, eta ildo beretik jarraituko du astelehenean, Hego Euskal Herrian jaieguna den abuztuaren 15ean. Maximoak 37 gradukoak ere izan litezke barnealdean, eta itsasaldean ere aise gaindituko dute 30 graduetako muga. Hortaz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du (arriskuko maila txikiena da) bi egun horietarako; hala, herritarrei gomendatzen zaie ohiko neurriak hartzea Eguzkiarekin eta beroarekin tentuz ibiltzeko.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bere webgunean dioenez, igandean, hodei gutxi ditugu, oro har, baina baliteke bero-hodei batzuk garatzea. Hego-ekialdeko haizea izango dugu berriz ere, eta bero handia izango da: tenperatura maximoak 35-37 ºC-ren bueltan geratuko dira barnealdean, eta 30 ºC-ren inguruan kostaldean. Arratsaldean, brisa sartu eta beroa jasangarriagoa izango da kostaldean.
Astelehenean, ezegonkortasuna handitu egingo da, eta, beraz, zaparradak eta trumoi-ekaitzak botatzeko arriskua handitu egingo da, batez ere egunaren amaieran. Tenperaturari dagokionean, ez da ia aldaketarik gertatuko eta, ondorioz, giro beroarekin jarraituko dugu. Haizea hego-ekialdetik etorriko da, eta ez du ematen brisa altxatuko denik, beraz arratsaldean beroak eutsi egingo du baita kostaldean ere. Goizean goiz, eta egunaren amaieran, zaparradaren bat edota trumoi-ekaitzen bat bota lezake, baina eguerdi partean giro eguzkitsua nagusituko da.
Asteartean, Kantaurialdean gertatuko den tenperaturaren jaitsiera izango da esanguratsuena, bereziki kostaldean; bertan, beroenak 25-26 ºC-ren bueltan geldituko dira. Aldiz, hegoaldean eta ia Nafarroa osoan termometroak ez dira gehiegi mugituko, eta oraindik 35 ºC-tik gora ibiliko dira. Iparraldeko haizea izango da ipar partean nabarituko dugun tenperaturaren jaitsieraren arduraduna. Bestalde, giroa eguzkitsua izango da eta arratsaldean zaparrada trumoitsuren bat bota lezake.