Gizartea -
Gueñes, Bizkaia
Bost edukiontzi kiskali dira Gueñesen, gazte batek su eman ondoren
Udalak azaldu duenez, egilea "arropa iluna zeraman gazte bat izan zen, korrika alde egin zuen lekutik" eta ezin izan dute identifikatu, Ertzaintzak jasotako datuen arabera.
agentziak | erredakzioa
Bost edukiontzi erabat kiskali dira asteburuan Gueñesen (Bizkaia), "ekintza bandaliko" baten ondorioz, eta oraindik ezin izan dute egilea identifikatu. Gainera, gertu zegoen etxebizitza bat ere kaltetu du suak, Gueñesko Udalak jakinarazi duenez.
Gaur, astelehena, "herritarren segurtasunari kalte egiten dion ekintza bandaliko oro" gaitzesten dituela zabaldu du Udalak ohar baten bidez.
Larunbat goizaldean, 02:45 aldera, su eman zieten Eretza Berri ikastetxearen aurrean dauden bi edukiontziri, Balmasedako Ertzaintzak eta Gueñeseko Udaltzaingoak Udalari azaldutakoaren arabera. Edukiontzietako bat hondakin organikoak batzeko zen, eta plastikoa batzeko zen bestea. Erabat kiskalita geratu ziren biak.
Handik bi ordura, Ertzaintzako zenbait agentek eta suhiltzaileek Sodupeko Sollobente auzora jo behar izan zuten, nahita eragin omen zuten beste sute bat zela eta. Hiru edukiontzi erre zituzten bertan: kartoia, plastikoa eta beira birziklatzekoak. Tenperatura handiaren ondorioz, edukiontzietatik gertu zegoen etxebizitza baten pertsiana bat ere kaltetu zen.
Udalak azaldu duenez, egilea "arropa iluna zeraman gazte bat izan zen, korrika alde egin zuen lekutik" eta ezin izan dute identifikatu, Ertzaintzak jasotako datuen arabera.