Gizartea -
Bizkaia
Emakume bat atxilotu dute beste bat atxikita izateagatik, Gernikan
Operazioa Interpolen komunikazio batetik abiatu zen, Italiako Poliziak eskaera bat egin ostean. Atxilotuari legez kontra atxikitzea, heriotza mehatxuak egitea eta lesioak eragitea egotzi diote.
agentziak | erredakzioa
Ertzaintzak, Italiako Poliziarekin elkarlanean, Gernikako etxebizitza batean atxikita zegoen emakume bat aske utzi du eta 22 urteko beste emakume bat atxilotu du, legez kontra atxikitzea, heriotza mehatxuak egitea eta lesioak eragitea leporatuta.
Biktima beste emakume batek atxikita zuen, eta aske uztea lortu zuten, biktimaren amak egindako salaketa bati esker, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Aurreko astelehenean, hilak 15, Ertzaintzak Interpolen mezu bat eta Italiako Poliziaren elkarlanerako eskera bat jaso zuen, emakume batek salatu zuelako bere alaba Gernikan bahituta zegoela.
Ordu batzuk geroago, ertzainek herri bizkaitarreko etxebizitza batean topatu zuten atxikitako emakumea, eta aske utzi.
Biktimak hainbat ubeldura zituen, hori dela eta, ospitalera eraman zuten, arta zezaten.
Halaber, Ertzaintzak beste emakumea atxilotu zuen: 22 urteko emakume errumaniarra -biktima ere jatorri berekoa zen-, legez kontra atxikitzea, heriotza mehatxuak egitea eta lesioak eragitea egotzita.
Polizia-izapideak bukatutakoan, atxilotua epailearen esku utzi zuten, Gernikako Guardiako Auzitegian, eta horrek aske uztea agindu zuen, epaitegian aurkezteko beharrarekin. Atxilotuak aurrekariak zituen, beste delitu batzuengatik.