Gizartea -

Sua Nafarroan

Tafallako sutea egonkortu egin dute suhiltzaileek

Sugarrek 2.500 hektarea erraustu dituzte jada. Baliteke errepidetik botatako zigarro batek eragin izana sua.

Tafallako sutea. EFE
Tafallako sutea. EFE
Suhiltzaileak gau osoan aritu dira lanean

1:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Tafalla eta Puiu (Nafarroa) artean piztutako baso-sutea egonkortzen hasi dira jada suhiltzaileak, gau osoa lanean eman ondoren. Basozainak eta Larrialdietarako Talde Militarra (UME) ere izan dira zeregin horretan.

Sua atzo arratsaldean piztu zen, segur aski errepidetik jaurtitako zigarro baten ondorioz, eta harrezkero 3.000 hektarea inguru erraustu dira. Une honetan, sua inguratuta dute suhiltzaileek, eta kontrolpean eskuin hegalean. Azken 30 urteetan hektarea gehien erre dituen sutea da.

Nafarroako Gobernuak baieztatu duenez, ez da inor zauritu eta badaezpada bertaratutako anbulantziek ez dute inor artatu behar izan.

Azken orduetan, eraikin bat erre da Artaxoan, baina erdigunetik urrun dago.

Gaurko egunean, eguraldia aurka izango dute. Horrenbestez, sugarren aurka borroka ari diren guztiek lekuan jarraitzea “ezinbestekoa” izango da, sua guztiz kontrolatzeko.

Sua atzo eguerdian hasi zen, Tafallako iparraldean, eta oso azkar hedatu zen, haize indartsuak, tenperatura beroek eta lehortasunak bultzatuta.

Hain zuzen ere, bi gunetatik hedatu zen: Artaxoako ekialdera, batetik, eta Añorbera eta Tirapura, bestetik.

Nafarroako Gobernuak sutearen inguruetara ez hurbiltzea eskatu die herritarrei, eta errepide horietatik zirkulatzen ari diren ibilgailuei ez gelditzea, sutearen aurkako borroka ez oztopatzeko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Suteak bideoak Tafalla albisteak Albisteak Suhiltzaileak azken ordukoa