Gizartea -
Iragarpena
Abisu horia larunbatean, tenperatura altuengatik
36 gradu ere egon litezke. Igandean, nabarmen jaitsiko da tenperatura.
Agentziak | Erredakzioa
Segurtasun Sailak larunbatera arte luzatu du tenperatura altu eta iraunkorrek eragindako abisu horia; izan ere, 36 gradu ere jaso litezke hainbat puntutan. Halaber, baso-suteak egoteko arriskuak ere bere horretan jarraituko du.
Tenperatura altuek eragindako abisu horia astelehenean jarri zuten indarrean, eta, hasiera batean, hiru egunean egon behar zen aktibo, baina, beroa aste osoan egin duenez, azkenik, Eusko Jaurlaritzak egunero eutsi dio abisuari.
Larunbatean tenperatura maximoak 33 graduren bueltan geldituko dira kostaldean eta litekeena da barnealdean 35-36 gradurainokoak ere izatea.
Minimoak ere altuak izango dira: Bilbon, termometroa ez da kokatuko 20 gradutik behera, eta Arrasaten (Gipuzkoa) 18 gradutik gora ibiliko dira tenperaturak gauean.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaurkoa trantsizio eguna izango da. Goizean eguzkitsu egongo da eta haizeak hegotik joko du, ondorioz, tenperaturak gora egingo du kostaldean eta barrualdean ez da aparteko aldaketarik izango. Arratsaldean, haizeak ipar ukitua hartuko du eta lainoak nagusituko dira zeruan. Gainera, litekeena da gauean han hemenka euria egitea.
Baso-suteak egoteko arriskuaz ere ohartarazi du Jaurlaritzak, batez ere hegoaldean; izan ere, tenperatura altuak, hego-haizea eta hezetasun txikia dago.
Euskalmetek iragarri duenez, igandean beherakada nabarmena egongo da tenperatura maximoetan, ipar-haizea sartuko delako.