Gizartea -
Iragarpena
Abisu horia gaur, tenperatura altuengatik eta galerna arriskuagatik
Iragarpenaren arabera, haizeak iparrera egingo du eta 50-60 km/h-ko ufadak izango dira. Gainera, tenperatura 8 eta 10 gradu artean jaitsiko da ordubetean.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du gaurko tenperatura altuengatik eta galerna eta sute arriskuagatik; zehazki, galernari dagokion abisu horia 14:00etatik 18:00etara egongo da indarrean.
Eguraldi iragarpenaren arabera, haizeak iparrera egingo du eta 50-60 km/h arteko ufadak espero dira kostaldean. Gainera, tenperatura 8 eta 10 gradu artean jaitsiko da ordubetean.
Larunbatean tenperatura maximoak 33 graduren bueltan geldituko dira kostaldean eta litekeena da barnealdean 35-36 gradurainokoak ere izatea.
Minimoak ere altuak izango dira: Bilbon, termometroa ez da kokatuko 20 gradutik behera, eta Arrasaten (Gipuzkoa) 18 gradutik gora ibiliko dira tenperaturak gauean.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaurkoa trantsizio eguna izango da. Goizean eguzkitsu egongo da eta haizeak hegotik joko du, ondorioz, tenperaturak gora egingo du kostaldean eta barrualdean ez da aparteko aldaketarik izango. Arratsaldean, haizeak ipar ukitua hartuko du eta lainoak nagusituko dira zeruan. Gainera, litekeena da gauean han-hemenka euria egitea.
Baso-suteak egoteko arriskuaz ere ohartarazi du Jaurlaritzak, batez ere hegoaldean; izan ere, tenperatura altuak, hego-haizea eta hezetasun txikia dago.
Euskalmetek iragarri duenez, igandean beherakada nabarmena egongo da tenperatura maximoetan, ipar-haizea sartuko delako.