Gizartea -
Osasuna
Sukar hemorragikoak jotako lehen bi kasuak antzeman dituzte Europan
Gizonezko bat hil da Madrilen, eta hura artatzen aritu zen erizaina kutsatuta dago. Kaparrek transmititutako birus batek eragiten du gaitza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Madrileko Gobernu autonomikoko Osasun kontseilaritzak jakinarazi duenez, Krimea-Kongo izeneko sukar hemorragikoak eragindako bi kasu antzeman dituzte Madrilen. Espainian eta Europa mendebaldean baieztatutako lehendabiziko kasuak dira.
Bi pazienteekin harremanetan izan diren 200 bat laguni jarraipena egiten ari zaizkiela ere zabaldu dute. Hala ere, oraingoz, inor ez dela kutsatu azpimarratu dute.
Munduan oso hedatuta dagoen gaixotasuna da sukar hemorragikoa. Nairovirus motako birus batek eragiten du eta kaparrek transmititzen dute.
Biktimetako bat 62 urteko gizonezkoa da. Abuztuaren 25ean hil zen Gregorio Marañon Ospitalean. Aurretik, Leonor Infanta Ospitalean izan zen.
Bigarren gaixoa Leonor Infanta Ospitaleko erizain bat da. Gizonezkoa artatu zuen eta handik egun batzuetara ondoezik sentitu zen eta sukarrarekin dago.