Gizartea -

Porriño

Lau lagun hil eta hainbat zauritu dira tren istripu batean, Galizian

Gainera, "zauritu kopuru handia" dagoela adierazi dute. Bi bagoi irauli dira eta beste bi erdi iraulita geratu dira istripuaren ondorioz.

porriño

Hiru hildako tren bat errailetik irten ostean, O Porriñon

0:59

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez lau pertsona hil eta hainbat zauritu dira gaur, ostirala, goizean Porriñon (Pontevedra) izandako tren istripu batean.

Renfek Europa Press albiste-agentziari adierazi dionez, ezbeharra 09:30 aldera izan da. Comboios de Portugal konpainiaren trena Vigo-Porto ibilbidea egiten ari zen, eta, bat-batean, trenbidetik atera da. Istripua gertatu denean, 65 pertsona zihoazen trenean: 63 bidaiari, makinista eta txartel-ikuskatzailea.

Tren-istripua Porriñoko geltokiaren sarreran izan da. Hori dela eta, dozenaka lagun geltoki horretako kafetegian bertan artatu dituzte.

Hildakoetako bat treneko gidaria da. Eguerdia aldera, larri zaurituta zegoen beste pertsona bat hil dela baieztatu du Eva Garcia de la Torre Porriñoko alkateak. Dagoeneko lau dira beraz istripu horren ondorioz hildakoak.

Garcia de la Torrek nabarmendu duenez, berriki lanak egin dituzte trenbidean, trenak arinago pasa daitezen bertatik.

Jose Carlos Fontoria 061 arreta zentroko zuzendariaren hitzetan, 42 pertsona arin zauritu dira, zazpi larri eta bat oso larri.

accidente tren istripua o porriño EFE

Zaurituak Porriñoko geltokiko kafetegian artatu dituzte. Argazkia: EFE

Bagoi bat iraulita eta beste bi erdi iraulita geratu dira

Xuntako Presidentetzatik ohar baten bidez azaldu dutenez, trena hiru bagoiz osatuta dago, horietako bat irauli egin da eta beste biak erdi iraulita gelditu dira.

Hainbat dei jaso ostean, Galiziako 112 larrialdietarako zerbitzuak operatiboa abiatu du. Baixo Miño eskualdeko eta Vigoko suhiltzaileak, Babes Zibileko kideak eta segurtasun agenteak bertaratu dira.

Gainera, Galizia-061 Larrialdi Medikoetarako Zerbitzuak bi mediku talde bidali ditu Santiagotik eta Ourensetik abiatutako helikoptero banatan.

accidente tren istripua O porriño EFE

Istripuaren lekua. Argazkia: EFE

Alfonso Rueda Xuntako presidenteordea, Jesus Vazquez Almuiña Galiziako Osasun kontseilaria eta Diputazioko zein inguruko herrietako agintariak ere joan dira ezbeharra izan den tokiera. Eguerdirako, berriz, Rafael Catala Sustapen ministroa espero dute bertan.

Galiziako alderdiek bertan behera utzi dituzte hauteskunde-kanpainan gaurko deituta zituzten ekitaldiak.

Ikerketa, zabalik

Istripuaren ondorioz, Ourense eta Redondela arteko tren-zerbitzua geldituta dago, Renfek jakinarazi duenez.

Bestalde, Adifek ikerketa abiatu du istripua zerk eragin duen argitzeko, eta telefono-zenbaki bat jarri du biktimen senideen esku: 900 101 020.

Adifek eta Renfek doluminak agertu dizkiete hildakoen senide eta lagunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa Galizia azken ordukoa Renfe albisteak Tren istripuak