Gizartea -
Irun
450 kilo haxix atzeman dizkiote ihesean 8 km egin dituen gidari bati
Biriatuko mugan jarritako kontrol batetik ihes egitea lortu du, eta gurpilak zulatuta izan arren, hainbat kilometro egin ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Irunen (Gipuzkoa), autoan 450 kilo haxix ezkutuan eramateagatik eta muga-kontrol batetik ihes egiteagatik.
Barne Ministerioak gaur zabaldu duenez, atxiloketa irailaren 6an egin zuten. Frantziarantz zihoan Mercedes markako auto bati gelditzeko agindua eman zioten Biriatuko mugan. Gidariak, baina, aurrera jarraitu zuen. Agenteek, orduan, pintxoak bota zituzten lurrera, autoa geldiarazteko, eta autoaren ezkerreko gurpilak zulatu zizkioten.
Hala ere, gidariak ihes egitea lortu zuen, eta kontrako noranzkoan gidatu zuen zortzi kilometroan zehar. Azkenean, Irungo ordainlekuaren parean atxiki zuten.
Autoaren barruan, 450 kilo haxix topatu zituzten agenteek, 15 fardotan.