Gizartea -

Ostegun honetan

Segurtasuna indartuko dute Bilbon, Rapideko ultren etorrera dela eta

Ostegun honetan, irailak 29, segurtasun-dispositiboa indartuko du Ertzaintzak. Izan ere, Athleticek eta Rapid Viena taldeek jokatuko duten partida ikustera ultra ugari etorriko direla aurreikusten da.

Rapid Vienako ultrek Valentziako estadioan jarri zuten pankarta. Argazkia: EFE
Rapid Vienako ultrek Valentziako estadioan jarri zuten pankarta. Argazkia: EFE
Rapid Vienako ultrek Valentziako estadioan jarri zuten pankarta. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan, irailak 29, Athleticek eta Rapid Viena taldeek San Mamesen jokatuko duten Europa Ligako bigarren jardunaldiko partida dela eta, ohikoa den segurtasun-dispositiboa indartuko dute Bizkaiko hiriburuan. Aurreikuspenen arabera, Austriako taldeak 800 zaleren babesa izango du Bilbon. Bizkaitarrek garaipena behar dute, lehen jardunaldian 3-0 galdu baitzuten Sassuoloren aurka.

Zuri-gorriek San Mamesen jokatuko duten partida ‘arrisku handikoa’ ez izan arren, San Mameseko inguruetan ohikoak diren segurtasun neurriak indartuko dituztela iragarri du Ertzaintzak. Hori dela eta, estadiora joango diren zaleei behar besteko aurrerapenaz gomendatu die, pilaketarik ez egoteko.

Gainera, kontrol zorrotzak egingo dira sarreran eta suziak edota ke-potoak sartu nahi dituzten guztiek debekatuta izango dute sarrera, baita drogak edota edari alkoholdunak kontsumitu izanaren tankera dutenek ere. Halaber, pertsona horiei zehapen-espedienteak irekitzea ere litekeena da, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Halaber, mezu iraingarriak edota indarkeria sustatzen duten pankartak, sinboloak edota bestelako euskarriak ere kontrolatuko dira.

Segurtasun-dispositiboa Rapideko jokalariak eta zaleak Bilboko aireportura iristen direnean jarriko dute martxan. Horiekin batera, herrialde horretako lau polizia datoz eta Ertzaintzarekin harremanetan daude, edozein unetan sortu litezkeen istiluak konpontzeko asmoz.

Istiluak

Rapideko ultrak oso arriskutsuak dira, eta indarkeria erabili dute sarritan. UEFAk hainbat aldiz zigortu du kluba bere ultrek eragindako liskarren ondorioz. Iragan denboraldian, adibidez, Valentziaren aurkako pankartak atera zituzten Rapideko ultrek: "Puta Valencia" jartzen zuen pankarta batek eta Valentziako bi langileren izenekin ere atera zuten beste pankarta bat, langileok irainduz. UEFAk 20.000 euroko isuna ezarri zion Rapid Vienari.

2012. urtean Rapideko ultrek bengalak jaurti zituzten PAOKen aurkako Europa Ligako partidan eta UEFAk 75.000 euroko isunarekin eta zelaia partida batez ixtearekin zigortu zuen Austriako taldea.

Arrisku handiko partida izango da San Mamesen jokatuko dena, eta zale zuri-gorriak oraindik oroitzen dira Austria Vienako ultrek 2012an Athleticen aurkako kanporaketan eragindako liskarrekin. Bilbon istiluak izan ziren, eta Vienako partidan ultrek zelaira jauzi egin zuten, une batez norgehiagoka bertan behera geratu behar izan zelarik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola Kirolak Ertzaintza Azken ordukoa Bizkaia Gizartea albisteak Eguneko albisteak