Gizartea -

Kilometroak 2016 Bergaran

Nola heldu Bergarara igandean?

Lurraldebusek eta PESAk autobus-zerbitzu bereziak prestatu dituzte. Autoz joatea erabakitzen dutenek horiek uzteko aparkalekuak izango dituzte Amillaga, Antxiturri eta San Lorentzoko industrialdeetan.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kilometroak jaiaren 40. ekitaldia izango da urriko lehen igandean, hilaren 2an, eta aurten Bergarako Aranzadi ikastolak izan du Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia antolatzeko ardura. "Demasa (izango da!)" leloa aukeratu dute, eta antolatzaileek Bergarara joateko deia egin dute "bergararrek prestatu dutena demasa izango baita!".

Autobusez

Horretarako, Lurraldebusek eta PESAk joan-etorrien beharretara egokitu dute autobusen zerbitzu-eskaintza: Debagoieneko DG03, DG04 eta DG05 lineetako zerbitzuak lanegunetako ordutegiarekin ibiliko dira; DG08 Oñati-Eibar linean eta DG07 Donostia-Arrasate linean ordubetean behin izango dira autobusak, eta DG01 Bilbo-Bergara linea ere indartuko dute igandean, normalean baino autobus gehiago jarrita.

Halaber, autobus-zerbitzuak antolatuko dira Eibartik eta Zumarragatik Bergarara joateko, bi herri horietara trenez (Euskotren zein RENFE) bertaratzen diren bidaiariak eramateko.

Bergaran, autobusek geldialdi bakarra egingo dute, Ibargarain (autobus-geltokia), hain zuzen ere.

Donostiatik, Zarauztik, Bilbotik edo Gasteiztik Bergarara joanez gero, txartelak aurretiaz erostea gomendatzen da, txarteldegietan, salmenta-makina automatikoetan zein Interneten.

Autoz

Alabaina, Bergarara autoz joatea erabakitzen dutenek horiek uzteko aparkalekuak izango dituzte Amillaga, Antxiturri eta San Lorentzo industrialdeetan. Horiek betez gero, Larramendikoa erabiliko litzateke, eta zirkuitura joan-etorria egiteko autobusak erabili.

Trafiko-eraginak, Bergaran

Kilometroak jaiak Bergara barruko trafikoari ere eragingo dio. Bergarako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, herrirako sarrera guztiak itxita egongo dira igandean, 08:15etik 20:00ak arte, GI-632 errepidetik datorren Antzuola aldeko sarrera (Urteaga kalea) izan ezik.

Bestalde, herri barruko hainbat aparkaleku hutsik geratu beharko dira. Hori horrela, jaigune barruan dauden Azokako eta Matxiategiko aparkalekuak larunbat eguerdirako, 14:00etarako, auto gabe utzi beharko dira.

Horrez gain, herri barruko kale batzuetatik ere aparkatzeko tokiak kenduko ditu Udaltzaingoak larunbat arratsalderako (18:00), eta, horien ordez, Mariaren Lagundia, Ipintza eta San Martin ikastetxeetako patioak aparkaleku gisa gaituko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Kilometroak Gipuzkoa Gipuzkoa Gizartea bideoak Bergara Gaurko azken orduko albistea