Gizartea -

Lan istripua

Langile bat hil da Erandion, liztor habi bat kentzen ari zela

Hildakoa 33 urteko gizonezko bat da eta oraindik ez dute argitu istripua zerk eragin duen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langile bat hil da ostegun honetan Erandion (Bizkai), istripua izan baitu liztor asiarraren habi bat kentzen ari zela.

Hildakoa 33 urteko gizonezko bat da eta oraindik ez dute argitu istripua zerk eragin duen.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, langilea istripua gertatu den tokian bertan hil da, eta gorpua Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egiteko.

Ohar batean, ELA sindikatuak "babesa eta elkartasuna" adierazi die biktimaren senideei eta lagunei, eta gertatutakoa "sakon ikertzea" eskatu dio Osalani, "erantzukizunak zehazteko".

Hildakoak Basalan enpresa publikoan egiten zuen lan. Horregatik, gertatutakoa “are larriagoa” dela salatu du sindikatu abertzaleak, eta erantzulea "Bizkaiko Aldundia" dela gaineratu du.

ELAk kritikatu du lan istripuetako heriotzak "prekarietatea hedatzen duen lan eredu honen ondorio" direla. Horren ildotik, Basalaneko langileen lan-baldintzak "gero eta prekarioagoak" direla ohartarazi du, "administrazio publikoek egindako murrizketak direla eta".

Horren esanetan, enpresek oro har "mozkin ekonomikoa" dute lehentasun, "langileen osasuna eta bizia arriskuan jarrita". Hori dela eta, "gaitz sozial" honen konponbidea "kalitatezko lanpostu duina" izateko eskubidea bermatzea dela aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Erandio Ekonomia albisteak Gaurko azken orduko albistea