Gizartea -
Hondakinen kudeaketa
Bilboko Udalak bosgarren edukiontzia jarri du beste 7 auzotan
Materia organikoa biltzeko edukiontzia Zurbaran, Uribarri, Arabella, Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Boluetan ezarriko da. Horrenbestez, bilbotarren % 35en eskura jarriko da edukiontzi marroia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Udalak bosgarren edukiontzia edo materia organikoa biltzeko edukiontzia marroia hiri osoan zabaltzeko egitasmoaren hirugarren fasea abian jarri du. Guztira, 135 edukiontzi berri jarriko ditu Bilboko Udalak ondorengo auzoetan: Zurbaran, Uribarri, Arabella, Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Bolueta.
Behin hirugarren fasea gauzatuta, bilbotarren % 35en eskura jarriko da edukiontzi marroia.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, hondakinak hobeto aprobetxatzea da gai organikoa bereizita hartzearen helburua, hain zuzen ere, "ingurumenerako, ekonomiarako eta osasunerako ona delako".
Bilboko Udalaren esanetan, hirian biltzen den hondakinen % 40 inguru materia organikoa da eta "hortik hondakin horiek behar bezala tratatzeak inguruarentzat duen garrantzia".
Bosgarren edukiontzian bildutako hondakinak konposta egiteko instalazioetara eramaten dituzte eta, gero, konposta lorezaintzan, nekazaritzan eta obra zibilean erabiltzen da.
Edukiontzi marroiek, besteek ez bezala, sarraila dute. Materia organikoa bereizita biltzeko konpromisoa hartzen duten Bilboko familiei 10 litroko zakarrontzi bat, edukiontzi marroia zabaltzeko giltza, konposta egiteko balio duten poltsak eta azalpenak batzen dituen foileto bat banatuko zaie.