Gizartea -

Bilbon eta Galdakaon

Osakidetzako langilea zela esanez, lapurreta egin du 11 etxetan

Behin etxebizitza barruan, dokumentazioa edo ura eskatzen zien biktimei, bakarrik geratu eta dirua eta bitxiak ostu ahal izateko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat atxilotu du Ertzaintzak Bilboko eta Galdakaoko 11 etxetan lapurreta egitea egotzita. Adineko biktimen etxeetan sartzeko Osakidetzako langilea zela esaten ei zuen.

Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, behin etxebizitza barruan, dokumentazioa edo ura eskatzen zien biktimei, bakarrik geratu eta dirua eta bitxiak ostu ahal izateko.

Kasuren batean, eta sinesgarritasuna indartzeko, Osakidetzaren idazpurua zuten agiriak eraman zituen emakumeak.

Ertzaintzak irailaren 23an atxilotu zuen, hain justu, etxebizitzaren batean utzitako dokumentu horiei esker. Horrez gain, bi etxetako segurtasun kamerek grabatutako irudietan ageri zen andrea.

Segurtasun Sailaren arabera, emakume honek adineko pertsonak zaintzeko eta euren etxeak garbitzeko bere burua eskaintzen zuen webgune batean. Izen-abizen faltsuekin eman zuen izena, eta Hego Ameriketakoa zela zioen, Espainiako nazionalitatea zuen arren.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo berriak Galdakao berriak Bizkaiko albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa