Gizartea -

Nafarroa

80 urteko gizon bat mutiko bati sexu abusuak egiten saiatu da Iruñean

Nafarroako Foruzaingoak ustezko erasotzailea atxilotu du Antsoainen. Antza denez, 13 urteko mutiko bati sexu abusuak egiten ahalegindu zen, diruaren truke.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foruzaingoak 80 urteko gizonezko bat atxilotu du Antsoainen, 13 urteko mutiko bati sexu abusuak egiten saiatzea leporatuta. Ustezko erasotzaileak 30 euro eskaini ei zizkion haurrari.

Foruzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez, larunbatean atxilotu zuten 80 urteko gizonezkoa. Horren arabera, Iruñeko mutikoaren amak salaketa jarri ondoren hasi zen Foruzaingoa kasua ikertzen.

Emakumeak jarritako salaketaren arabera, 80 urteko gizon batek sexu harremanak izatea proposatu zion bere 13 urteko semeari, eta 30 euro eskaini zizkion, trukean. Are gehiago, hitzordua jarri zuten, eta etxebizitza batean elkartu ziren. Adingabeak adinekoaren asmoen berri izan zuenean, baina, etxebizitzatik ihes egin zuen, eta laguntza eskatu zion bizilagun bati.

Aipaturiko iturrien arabera, atxilotua Iruñea erdiguneko plaza batean jartzen zen harremanetan adingabeekin, eta dirua eskaintzen zien sexuaren truke.

Salaketan jasotako datuei esker, Nafarroako Foruzaingoak gizonezkoa atxilotu eta Belosoko polizia-etxera eraman zuen. Izapideak amaitutakoan, atxilotua Iruñeko guardiako epaitegiaren esku gelditu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea gaur Nafarroa gaur Albisteak