Gizartea -
Herrera de la Manchan
Jose Bretonek bere burua zauritu du kartzelan, lepoan bi ebaki eginda
Ebakuntza-gelatik irtendakoan, suspertze unitatera eraman dute. 40 urteko kartzela-zigorra betetzen ari da, seme-alabak hiltzeagatik.
Agentziak | erredakzioa
Jose Bretonek bere burua zauritu du lepoan bi ebaki eginda, Herrera de la Mancha (Ciudad Real) espetxean, bere ziegan, espetxetik Eferi azaldu diotenez.
Gertaera bart izan da, 22:00ak aldera, beste preso batekin partekatzen duen ziegan. Breton erregimen berezian dago kartzelan, laguntza terapeutikoa jasotzen ari baita.
Hain justu, beste presoak jarri zituen jakinaren gainean espetxeko funtzionarioak. Bretonek bizar-xafla batekin egin zituen ebakiak.
Larrialdietako zerbitzuei abisua eman ostean, kartzelan bertan artatu zuten hasieran, eta Ciudad Realeko osptialera eraman zuten ondoren, ebakuntza egin diezaioten.
Presoa, ebakuntza-gelatik irtendakoan, suspertze unitatera eraman dute, Eferi ospitaletik esan diotenaren arabera.
Jose Bretoni 40 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2013ko udan, 2011an seme-alabak hiltzeagatik.
Maiatzetik hona, Herrera de la Manchako espetxean da zigorra betetzen, Jaen II, Villena (Alicante) eta Kordobako presondegietan izan ostean.