Gizartea -
Gripearen aurkako kanpaina
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina urriaren 17an hasiko da
Gripearen aurkako aurtengo txertaketa kanpainaren irudia “Star Wars” filman oinarritzen da, eta kasu honetan “Gripea ez dezazula lagun izan" izango da leloa.
Agentziak | Erredakzioa
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina urriaren 17an hasiko da eta abenduaren 17ra arte iraungo du. Guztira, 380.000 txerto erosi dira eta, behar izanez gero, dosi gehiago erosiko lirateke. Osasun Sailak jakinarazi duenez, 1.200.000 euroko inbertsioa egin dute txertoak erosten.
Gripearen aurkako aurtengo txertaketa kanpainarako aukeratu den irudia “Star Wars” filman oinarritzen da, kasu honetan “Gripea ez dezazula lagun izan" izango baita leloa.
Oso garrantzitsua da txertoa hartzea kanpainaren helburu diren arrisku taldeentzat, hau da, 65 urtetik gorakoentzat, gaixotasun kronikoren bat dutenentzat eta haurdun dauden emakumeentzat, gripea “gaixotasun larria” izan daitekeelako.
Alde horretatik, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du gripea “gaixotasun larria” izan daitekeela pertsona horientzat, eta konplikazioak eta heriotza ere egin ditzakeela.
Osasun sailburuak azpimarratu duenez, iaz 367.000 dosi baino gehiago eman ziren eta seik bakarrik izan zuten kontrako erreakzioa, larririk bat ere ez. Aurten, berriz, 380.000 txerto erosi dira, eta, sailburuak esan duenez, behar izanez gero, dosi gehiago erosiko lirateke. Dosi horiek erosten 1.200.000 euroko inbertsioa egin dute.
Horrela ba, 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta haurdun dauden emakumeek ohiko osasun-zentrora joan eta osasun-txartela aurkeztu besterik ez dute; komeni da aurrez telefonoz deitzea. Osasun-zentro eta anbulatorioetako ordutegia malgua izango da, eta kanpainaren premietara moldatuko da.