Gizartea -
Donostia
Altzako kiroldegia eraikiko duten lursaila amiantoz kutsatuta dago
Airearen kalitatea neurtzeko laginak hartuko dituzte eta horren jarraipena egingo dute. Jarraian, lur kutsatuak garbitzeko irtenbiderik onena aukeratuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalak ostiral honetan jakinarazi duenez, Altzako kiroldegi berria eraikitzea aurreikusita duten lursaila amiantoz kutsatuta dago. Arrazoi horregatik, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean arituko direla iragarri du Udalak.
Enrique Ramos Proiektu eta Obretako zinegotziak eta Martin Iturbe Kiroletako zinegotziak egindako agerraldian azaldu dutenez, kiroldegiaren proiektuan hainbat aldaketa eragingo ditu. Lanak hasi baino lehen lursail horretan neurketa ugari egin dituen enpresak esan duenez, kanpoko igerilekuak eta kiroldegiaren aparkalekua hartuko dituzten lursailak dira amiantoz kutsatuta dauden eremuak.
Egoera horren aurrean, Udalak iragarri du airearen kalitatea neurtzeko laginak hartuko dituztela eta horren jarraipena egingo dutela. Jarraian, aukera ezberdinak aztertuko dira, lur kutsatuak garbitzeko irtenbiderik onena aukeratzeko. Alde horretatik, proiektua ezin izango dela aurreikusi zuten moduan garatu azaldu dute.
Egun, Altzako kiroldegiaren proiektua lizitazio fasean zegoen obra esleitzeko. Gertakari honen ondorioz, ezin da lursail horietan hondeatu eta, beraz, ezin da esleitu idatzita dagoen bezala.
Proiektua hiru fasetan egingo da: lehena, kiroldegia eraistea izango da eta, hori egiteko, plangintza berezia egingo da. Kiroldegiaren lursaila ez dagoenez amiantoz kutsatuta, hondeatze txiki bat egingo da eta, behin Eusko Jaurlaritzaren baimena eskuratuta, kiroldegi berria eraikiko da.
Bigarren fasea kanpoko igerilekuena izango da eta, hirugarrena, aparkalekuarena. Bi horiek proiektu bana izango dute eta martxan jarriko dira behin lursail bakoitzean egin behar den tratamendua zehaztuta.