Itxi

Gizartea

Nafarroako ikastolen festa

Balorazio 'oso positiboa' egin dute Nafarroa Oinez-eko antolatzaileek

eitb.eus

Milaka euskaltzale hurbildu dira Vianara jaiaz gozatzera. Ibaialde eta Erentzun ikastolentzat izango da aurten bildutako dirua.

0:57

Milaka pertsona izan dira aurten ere Nafarroa Oinez Nafarroako ikastolen aldeko festan, Vianan aurtengo edizioan. Jaialdiaren antolatzaileek egun osoan zehar izandako "normaltasuna" azpimarratu dute, eta oso pozik agertu dira izandako erantzunagatik. Izan ere, oso balorazio "positiboa" egin dute.

BIDEOA: Boluntarioen lana txalotu du Erentzun ikastolako presidenteak:

 

 

Gauzak horrela, goizean inauguratu dute aurtengo edizioa, eta Uxue Barkos Nafarroako presidentearen esanetan, gizarteak eta Foru Gobernuak "euskarari merezi duen babes eta ospe sozial" emateko lan egin behar dute, bai gizarteak bai Foru Gobernuak.

Inaugurazio ekitaldian, aurtengo edizioa antolatu duten Ibaialde eta Erentzun ikastoletako ordezkariak izan dira, eta Vianan izan diren agintariei eta milaka pertsonei eskerrak eman dizkiete. Halaber, euskaraz irakasten duten ikastetxe hauen eredua azpimarratzeaz gain, euskalduna ez den Nafarroako eremu honetako ibilbide historikoa nabarmendu dute.

Era berean, ausardia eskatu diete agintari politikoei, ekintza zehatzei esker bi ikastola hauen proiektua sendotzen lagun dezaten, inguru horretan euskarazko hezkuntza-eredu izaten jarraiu ahal izateko.

Inaugurazioan, ohiko zinta moztu beharrean, soka bati tira egin diote Barkos Foru Aldundiko presidenteak, beste zenbait agintarik, hainbat herritako ikastoletako agintariak eta ikaslek elkarrekin, ikastolei babesa erakusteko.

Kilometroak festan erabilitako soka bera izan denez, Usurbilgo Udarregi ikastolako ordezkari batek ere parte hartu du ekitaldian. Amaieran, sokaren bi muturrak elkartu dituzte, Ibaialde ikastolako bultzatzaileak alde batean jarrita, eta Vianako proiektuan parte hartu duen familia bereko hiru generazio, beste aldean.

Jarraian, "Hartu, tenka eta tira" lemapean ekin diote jaiari, Vianako alde zaharrean antolatutako ibilbidean. Hiru kilometro eta erdi inguruko txangoa prestatu dute, lau eremutan banatuta.

Eguerdian, Erentzun eta Ibaialdeko ikasle ohiak omendu dituzte, eta 2017an Nafarroa Oinez antolatzeko ardura izango duen Lesakako Tantirumairu ikastolako ordezkariei eman diete lekukoa.

'Hizkuntza-aberastasunaren eredu'

Barkosek esan duenez, "Nafarroan dugun hizkuntza-aberastasunaren eredu garbiak dira"; beraz, "hizkuntza-normalizazioan aurrera egitea ahalbidetuko diguten politikak bultzatu behar ditugu".

"Oinarrizkoa da errespetuzko jarrerak indartzea, euskara nabarmendu eta sendotzeko. Inolako zalantzarik gabe, gizartea aberasten duen ondasun baliotsuenetakoa da", adierazi du.

Lodosako Ibaialde eta Vianako Erentzun ikastolak zoriondu ditu Barkosek, Nafarroa Oinez antolatzeko egindako talde-lanagatik. Dena den, "lan handia geratzen dela egiteko esan du".

Gaur goizean, beste zenbait agintari ere egon dira Vianan: Foru Parlamentuko presidentea, Nafarroako Gobernuko ekonomia presidenteordea, Hezkuntza, Hiri-Harreman eta Instituzioetarako kontseilaria, Landa-Garapenerako kontseilaria eta Iruñea, Viana, Lodosa, Bargota, Armañanzas, Sartaguda, Andasilla eta Mendavia herrietako alkateak.

Gainera, Arartekoa, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta PSNko ordezkariak izan dira. Bestalde, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, Eskola-Kontseiluko eta Iruñeako Mankomunitateko presidenteak, Euskarabideako zuzendaria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza-Politika, Hezkuntza, Administrazio eta Zerbitzuetako kontseilariordeak egon dira, baita Euskara-Sustapenerako zuzendaria ere.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena