Gizartea -
Gripearen txertaketa kanpaina
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina hasi da Euskadin
Guztira 380.000 dosi emango dira, eta txertaketa kanpainak abenduaren 17ra arte iraungo du.
EiTB.eus
Jon Darpon Osasun sailburuak astelehen honetan, hilak 17, aurkeztu du, Donostian, gripearen aurkako 2016ko txertaketa kanpaina. Kanpaina gaur jarri dute martxan Euskadin, abenduaren 17ra arte izango da indarrean, eta 65 urtetik gorako pertsonei, gaixotasun kronikoak dituztenei, emakume haurdunei eta osasun-arloko langileei zuzenduta dago. Guztira 380.000 dosi erosi dituzte, baina gehiago eskatuko dituzte, beharrik badago. Guztira 1.200.000 euro erabili dituzte horiek erosteko.
Osasun Sailaren eta Osakidetzaren arabera, “gripea saihesteko eta gaixotasunak pertsona ahulenengan eragin ditzakeen zailtasunak eragozteko modurik onena da” txertoa hartzea.
Jon Darpon Osasun sailburuak txertoa hartzearen garrantzia azpimarratu du, eta batez ere arrisku-taldekoak bultzatu ditu horretara: 65 urtetik gorakoak, gaixo kronikoak eta emakume haurdunak, bereziki. “Gripea gaixotasun larria izan daiteke pertsona horientzat, konplikazioak eta heriotza ere eragin ditzake eta”. Halaber, urtero txertatzea oso garrantzitsua dela azaldu du, birusak urterik urtera aldatzen direlako.
2015-2016 kanpainan arrisku-faktoreak zituzten eta konplikazioak jasan ondoren EAEko ospitaleetan artatu zituzten 174 pertsonen % 63k ez zuten gripearen aurkako txertorik hartu.
Nafarroako Gobernuak joan den astean abiatu du gripearen aurkako txertaketa kanpaina, urriaren 14an, hain zuzen.