Gizartea -
Aluchen
Amaitu da Madrilgo atxikitze-zentro batean egindako protestaldia
Azkenean, beren borondatez itzuli dira zentrora. Gau osoa eman dute protestan, "askatasuna eta duintasuna" eskatuz.
agentziak
Amaitu da Madrilen, Aluche auzoan dagoen atzerritarrentzako atxikitze-zentro batean, izandako 11 ordu inguruko protestaldia, Ignacio Cosido Espainiako Poliziako zuzendariak jakinarazi duenez.
Protestariek (aljeriarrak dira gehienak) atxikitze-zentroko teilatuan igaro dute gaua, "askatasuna eta duintasuna" eskatuz. Poliziak komunikazio kanalak jarri ditu matxinatuekin, eta, 09:30 aldera, beren borondatez itzuli dira zentrora. Protestaldian ez da inor zauritu.
Polizia Nazionaleko zuzendariaren esanetan, atxikitze-zentroak "oso beharrezkoak dira immigrazio politika arduratsu bat izateko", eta zentroa eraberritzeko lanak egiten ari direla ere esan du.
Cosidoren iritzian, gertatutakoa "ez da matxinada bat izan", ez baita "indarkeriarik" egon, eta ez diete agenteei eraso egin, kalte materialak eragin badituzte ere.
Protesta egin duten 39 etorkinak kanporatu egingo dituzte Espainiatik, Barne Ministerioak egindako plana beteta, Europako zuzentarauen arabera, Europa Pressek jakinarazi duenez.
Zentroaren % 43 beteta dago uneotan, zehatz-mehatz, 93 pertsona daude eta 214 lagunentzako lekua dago Aluchen, aipatutako iturrien arabera.
Makilak eta altzairu zatiak erabili dituzte zentroko segurtasun langileak beldurtzeko. Matxinada 21:00ak aldera hasi da, eta "askatasuna" eta duintasuna" eskatzeko egin dutela esan dute.
Prebentzio eta Erreakzio Unitateko agenteak eta Poliziaren Interbentzio Unitateko agenteak bertaratu dira, baita helikoptero bat ere.
Politikarien babesa
Era berean, Ahora Madrideko lau zinegotzi ere hara joan dira: Esther Gomez Carabanchel eta Alucheko zinegotzi-presidentea; Guillermo Zapata Villaverde eta Fuencarral-El Pardoko zinegotzi-presidentea; Javier Barbero Osasun, Segurtasuna eta Larrialdietako delegatua eta Carlos Sanchez Mato Ekonomia eta Ogasun delegatua; baita Podemoseko zenbait senatari eta diputatu ere, besteak beste, Rafa Mayoral Gizarte Zibilarekiko Harremanetarako eta Mugimendu Sozialen idazkaria.
Manuela Carmena Madrileko alkateak Udalaren babesa eta prestasuna agertu dio Concepcion Dancausa Espainiako Gobernuaren ordezkariari, Alucheko atxikitze-zentroko matxinadan bitartekaritza lanak egiteko, Udaletik zabaldu dutenez.
"Kexu jarraitzen dut zentroan gertatu denagatik, Concha Dancausarekin harremanetan nago, bitartekari lanak egiteko gure eskaintza eskertu du. Lehenengo eskubideak dira", idatzi du Twitterren.