Gizartea -

Epaia

Abadiñoko hilketen egilea errudun jo du epaimahaiak

Hilketa azpikeriaz egin zuela uste du zinpeko epaimahaiak.

Akusatua, epaiketan. EFE
Akusatua, epaiketan. EFE
Akusatua, epaiketan. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014ko abenduan, Abadiñon, emaztea eta amaginarreba hil zituen Benito Q. akusatuak krimena azpikeriaz eta ahaidetasun astungarriaz egin zuela ebatzi du kasua aztertu duen epaimahaiak. Horrez gain, kalte delitua ere egotzi dio, bere lantegiari su emateagatik eta ondoko bi lantegitan kalteak egiteagatik.

Sei gizonek eta hiru emakumek osatutako epaimahaiak ostegun honetan eman du epaiaren berri, bi egunez gogoeta egin ondoren.

Epaiketan zehar, Benito Q. akusatuak hilketak aitortu zituen, baina azpikeriaz jokatu izana ukatu zuen. Haren esanetan, "zoroaldi" batek jota egin zituen krimenak. Bere buruaz beste egiteko eman zion su lantegiari, onartu zuenez.

Epaimahaiak, ordea, ez du gizonak esandakoa sinistu, eta aho batez, honakoa ebatzi du: Benito Q. azpikeriaz eta ahaidetasun astungarriaz egindako hilketa biren erruduna da, baita kalte delituarena ere.

Zigor eskaerak

Epaia irakurrita, zigor eskaerak egin dituzte aldeek.

Fiskaltzak 43 urteko kartzela zigorra eskatu du: 20na hilketa bakoitzeko, eta hiru lantegian eragindako kalteengatik. Zigorraren erdia bete arte hirugarren gradua ez emateko eskatu du Ministerio Fiskalak.

Estatuko Abokatutzak Fiskaltzarekin bat egin, eta beste eskaera hau ere egin du: espetxe onurak 43 urte horien arabera zehaztea, ez bete ahal diren urte kopuruaren arabera.

Zigor eskaera bera egin dute akusazio partikularrak (familiaren izenean) eta herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea). Horrez gain, akusatuaren semeari 150.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu dute. Bi biktimen seme eta anai-arreba bakoitzarentzat 25.000 euroko ordaina ere galdegin dute.

Defentsak hilketagatik ezarritako gutxieneko zigorra eskatu du gizonarentzat (homizidioa izan zela defendatu du orain arte). Kalteengatik ezarritako zigorra eta kalte-ordainen kopurua jaistea ere galdegin du.

Epaileak izango du, dena den, ezarri beharreko zigorraren eta kalte-ordainen inguruko azken hitza.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Zer gertatu da gaur Bizkaian? Epaiketak argazkiak Gaurko azken orduko albistea Abadiño albisteak Durangaldea gaur Krimenak azken ordukoa