Gizartea -
Biztanleriaren proiekzioa
80.000 biztanle gutxiago izango ditu EAEk hamabost urte barru
Egun dituen 2.162.626 pertsonatik 2.083.176 izatera pasako da, hau da, 79.451 biztanle gutxiago. Horrek % 3,7ko jaitsiera esan nahi du.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriak 80.000 pertsona gutxiago izango ditu 2031. Urtean jaiotza-tasaren murrizketagatik, nahiz eta ordura arte Euskaditik kanpo joango diren baino immigrante gehiago iritsiko diren atzerritik zein beste erkidegoetatik.
Estatistikako Institutu Nazionalak gaur eman ditu jakitera 2016-2031 aldirako biztanleriari eta familiari buruzko bere proiekzioak. Horien arabera, epealdi horretan Espainiak 900.000 biztanle galduko ditu.
Euskadiri buruzko aurreikuspenei dagokienez, ikerketak jasotzen du egun bizi diren 2.162.626 pertsonatik 2.083.176 pertsonara pasako dela, hau da, 79.451 biztanle gutxiago izango ditu, % 3,7ko jaitsiera izanik.
Hori horrela izango da saldo begetatiboa (jaiotzen eta heriotzen arteko aldea) negatiboa izango delako; izan ere, 2020an jaiotzak baino 6.123 heriotza gehiago egongo dira; 2025ean, 8.085 gehiago eta 2031n, 8.349 gehiago.
Hori horrela bada ere, 2016 eta 2030 urteen artean Euskadik hartuko dituen immigranteen kopurua, beste herrialde batzuetatik zein Espainiako erkidegoetatik eratorriak, kanpora aterako diren euskal herritarrak baino gehiago izango dira.
Euskal familiei dagokienez, datozen hamabost urteetan zenbatekoak % 0,4 jaisteaz gain, familien tamaina ere txikiagotu egingo da. Horrela, 2016an bataz besteko tamaina 2,39 pertsonakoa bada, 2031n 2,30ekoa izango da. Horrez gain, urte tarte horretan gora egingo dute pertsona bakarrez osatutako familiek: egun % 27,1 dira, eta 2031n % 29,3 izango dira.